Abadiñoko institutuan Batxilergoa eskaintzearen inguruko batzar informatiboa egingo du EH Bilduk

Jone Guenetxea 2018ko ira. 28a, 14:11

DBH-ko eta Lehen Hezkuntzako gurasoei zuzenduta, hitzaldi informatiboa emango du EH Bilduk, datorren martitzenean. DBH-ko gurasoek, tutoreekin izango dituzten bileretan, Abadiñon Batxilergoa jartzea nahiko luketen edo ez erantzun beharko dutela dio koalizioak. "Gurasoei proposatuko diegu, Hezkuntzatik informazio gehiago eta zehatzagoa eman arte, itsuan aukeraketarik ez egiteko

Institutuan batxilergoa jartzearen aukerari dagokionez, urriaren 3an, DBH-ko gurasoek, tutoreekin izango dituzten bileretan, Abadiñon Batxilergoa jartzea nahiko luketen edo ez erantzun beharko dutela dio EH Bilduk. "Erabakia hartzeko, ez dute inolako informaziorik izango, hau da, zenbat lerro sortu ahalko liratekeen, hain ikasle gutxirekin aukerakoak hartzeko zelako zailtasunak egongo liratekeen, kalitate minimo bat bermatua egongo ote litzatekeen... Hitzaldian kontzeptu horien gaineko informazioa emango dugu, eta gurasoei proposatuko diegu, Hezkuntzatik informazio gehiago eta zehatzagoa eman arte, itsuan aukeraketarik ez egiteko", diote oharrean.

EH Bilduren batzar informatiboa urriaren 2an izango da, 18:30ean Errota kultur etxean. Hizlaria, Abadiñoko institutuko irakasle eta EH Bilduko zinegotzi den Mikel Urrutia izango da.

Ordenagailuen ordainketa

Ordenagailuei dagokionez, Heziberri 2020 marko pedagogikoan adierazten den bezala, erabat beharrezkoa da, gutxienez LH 5. mailatik DBH 4.mailara arteko ikasleek digitalizaioa bermatua izatea. EH Bilduk dioenez, Eusko Jaurlaritza ez da ordenagailuen kargu egiten. "Soilik bekadunei ematen die diru laguntza, eta ez da %100era heltzen". Ondorioz, familiek erosi behar dituzte, mantenimendua barne 274 euroko balioa duten ordenagailuak.

Honen aurrean, ikastetxeetako arduradunek udalera jo dutela dio EH Bilduk, eta gobernu taldeak familia bakoitzari 30 euro ematea erabaki duela (familia bakoitzak beraz, 244 euro ordaindu beharko ditu). "Ez dugu begi onez ikusten familiek ordenagailuak ordaindu behar izatea, eta Hezkuntza Sailari digitalizaziorako bitartekoak jartzeko exijitzeaz gain, gure planteamendua udalak beharrezkoak diren ordenagailuak erostea da". Horrela, pertsonalak izatetik, ikastetxeko ordenagailuak izatera pasatuko ziren", dio EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!