Abadiñoko Udalagaz hartu-emana izateko 'whatsapp' zerbitzua irailean berriro jarriko dute martxan

Jone Guenetxea 2018ko uzt. 24a, 20:13

Erabiltzaile zahar zein berriek zerbitzuan alta eman beharko dute.

Abadiñoko Udalak berriro martxan jarriko du datorren irailean herritarrekin whatsapp bidez komunikatzeko aukera. Hasieran sortu zen taldea arrazoi teknikoengatik luzaroan erabili ezinik ibili direla aitortu du Jose Luis Navarro alkateak. Horregatik, talde berri bat sortzea erabaki dute.

Whatsapp taldearen bidez herritarrek aukera izango dute udalari jakinarazpenak bidaltzeko. Era berean, udalak herritarrei helarazi ahal izango dizkie herriarekin zerikusia duten argazkiak eta bideoak baita herriari buruzko udal informazioa ere.

Udalaren mezuak mugikorrean jaso ahal izateko, erabiltzaile zaharrek zein berriek alta eman behar dute. Horretarako, whatsapp aplikazioa izan behar dute mugikorrean, eta gero agendan sartu behar dute 688699361 zenbakia eta 'Infoabadiño' izena. Behin datu horiek gordeta, whatsapp bat bidali behar dute  esandako zenbakira 'Infoabadiño' hitzarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!