“Abadiñon batxilergoko ikasketak eskaintzea beharrezkoa den aztertu beharko litzateke”

Aritz Maldonado 2018ko eka. 19a, 15:00

Orain hamahiru urte Jubilatuen Etxea izateko baliatu zen eraikinaren etorkizuna zeresana ematen ari da azken asteetan. 2005az geroztik, Abadiñoko Udalak kudeatzen du Jubilatuen Etxeko eraikina, eta ez Hezkuntza sailak.

Apirileko osoko bilkuran, Jubilatuen Etxea berreskuratzea erabaki zuen udal gobernuak. "Eraikinaren etorkizunari buruz udalak erabakitzea gura dugu, eta ez beste erakunde batek", adierazi zuen Jose Luis Navarro alkateak erabakia justifikatzeko. EH Bildu abstenitu egin zen. Hain zuzen ere, gaiak planteatzen dituen dudei buruz berba egiteko, berbaldia antolatu zuen joan zen astean EH Bilduk. Iñaki Osoro Abadiñoko insititutuko zuzendari ohiak (egun, irakaslea da) eta Iratxe Gorrotxategi eskola kontseiluko kideak parte hartu zuten, besteak beste. Bien ustez, aukerak ez du funtsik, oraindik behintzat. "Oinarria falta zaio ideiari. Oraindik ere lan asko dago egiteko", azaldu du Osorok. Bestalde, hainbat abadiñarrek espazio publikoaren etorkizunagaz gertatuko denari buruzko kezka agertu dute. "Zerbitzu hau beharrezkoa den aztertu beharko litzateke lehenbizi", esan du Gorrotxategik.

Aldagai asko kontuan hartzeko
"Baliabide nahikoa dagoen —humanoa, teknikoa eta ekonomikoa— begiratu beharko litzateke", azpimarratu du Osorok. Izan ere, zerbitzuen duplikazio bat eman daitekeela iradoki dute biek. Hain zuzen ere, batxiler mailako ikasketak Durangon eta Iurretan ere eskaintzen dituzte. "Matiena ez beste auzoetako abadiñarrek autobusa hartu behar lukete berdin-berdin; hortaz, eskaintzak berezia izan beharko luke", dio Gorrotxategik. "Agian eskaintza Durangokotik eta Iurretakotik ezberdintzea izango litzateke aukera", planteatu du zuzendari ohiak. Guztiagaz, kalitatezko zerbitzu baten eskaintza bermatu beharko litzateke bien iritzian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!