Hona hemen adostu duten adierazpena:
"Gaur, maiatzak 17, ospatzen den LGTBI+fobiaren aurkako egunaren karietara, Abadiñoko Udalak sexu aniztasunaren aldeko pankarta bat jarriko du Udal Mediatekan barikura arte; gero, Matienako eskoletara eramango da, 25era arte hantxe egon dadin.
Berdintasun Arloko zinegotzi Yanire Morenok esan duenez, Udalaren asmoa da argi uztea Udalaren gaitzespena portaera homofobo, lesbofobo eta transfobo guztiekiko. Asmo berarekin, Udalak 1.500 kartel banatuko dizkie herritarrei, leihoetan jar ditzaten. LGTBI+ banderaren koloreen gainean, kartel horietan hitz hauek ageri dira: "Hemen sexu aniztasuna errespetatzen da".
Morenok esan duenez, aste osoan herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako ikasleek eta DBHko 3. Eta 4. mailakoek sexualitate eta afektibitate adierazpen guztiak aitortu eta errespetatzeko beharra landuko dute Abadiño Sex udal programako hezitzaileen gidaritzapean egingo dituzten saioetan.
Azkenik, egun horretako helburekin bat egiteko, Udalak adierazpen instituzional bat onartu du, maiatzaren 29ko Osoko Bilkuran irakurriko dena".