Eskola zaharreko eraikinaren etorkizuna udalak erabaki ahal izatea eskatuko diote Hezkuntza Sailari

Jone Guenetxea 2018ko mar. 27a, 20:42

Gaur egun Matienako jubilatuen egoitza dagoen eraikinaren etorkizuna bere eskuetan izan gura du Abadiñoko Udalak. Horretarako, gaur egun jubilatuen etxea dagoen eraikinaren desafekzioa eskatuko dio udalak Hezkuntza Sailari. Izan ere, lurra udalarena da, eta eraikina berriz Hezkuntza sailarena. Horrela erabaki dute osoko bilkuran, AI-EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioagaz.

Osoko bilkuran Mikel Urrutia EH Bilduko zinegotziak Gobernu Taldeari galdetu dio ea Plan Orokorrak jasotzen duen hezkuntzarako eraikin berriaren proiektuak jubilatuen etxean eragin dezakeen. Urrutiaren iritziz 7 milioi euroko kostua izango lukeen hezkuntzako eraikin berria finantzatzeko etxeak eraikitzea izan daiteke irtenbideetako bat. "Bermatu gura dugu etorkizunean eskola zaharreko espazio horretan ez dela etxebizitzarik eraikiko ", azaldu du Urrutiak. Jose Luis Navarro alkateak ostera, proiektu hori ez dela bilkura horretako puntu horretan ezbaidagai erantzun dio. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!