Beraien berbetan, baldintza “oso prekarioetan” egiten dute lan. “Hamar ordu egiten dugu lan egunero, astelehenetik barikura, eta arduradunak horrela nahi izanez gero, asteburuetan ere beharrera joan behar dugu; ordu estrak nola ordaindu ez dago adostuta, gainera”, azaldu du Konatek. “Lan baldintzei buruz berba egitea gura dugu, besterik ez”, gehitu du Idrassa Thiorrek.
Konatek zazpi urte daramatza Ur Artean beharrean. Idrassa Thiorrek, ostera, lau urte. Biek kontratu mugagabea dute enpresan. Ez horrela Elhaddi Thiorrek; obra kontratuagaz dabil bera. Egoera prekarioak bultzatuta, Konatek ELAn eman zuen izena. Lankideei informazioa ematera joan ziren sindikatuko aholkulariak gero, eta ostean, urtarrilean, hauteskunde sindikalak egin zituzten enpresan; Konate bera ordezkari izendatu zuten. Ordutik, baina, egoera are gehiago gaiztotu da. Prozesu horretan, bi beharginak kaleratu zituzten, gainontzeko beharginentzako abisu moduan, Thiorren eta Konateren arabera. Beraiek ordezkatzeko, beste lau lagun kontratatu dituzte.
Itxaropen faltsuak
Enpresak azken hilabeteetan izandako jarrera salatu dute langileek, izan ere, negoziazioak ez doaz bide onetik. Jon Iñaki Etxebarria ELAko sektoreko arduradunak ez du enpresaren jarrera ulertzen. “Guk akordioa lortzea lehenesten dugu, baina enpresak ez du gugaz elkartu ere egin gura”, esan du. “Gainera, akordiorako itxaropen faltsuak eman dizkigute”, dio Konatek.