Udal gobernuak "abadiñarren zati handi bat alboratzen" duela salatu du EH Bilduk

Aritz Maldonado 2018ko ots. 9a, 12:41

"Bazterkeria eta errespetu falta" salatu dituzte, eta udal gobernuari jarrera aldatzeko eskatu diote. Azken bi legegintzaldietan EH Bilduren zinegotziak izandakoek hainbat herritarren babesa izan dute prentsaurrekoan. 

Mikel Urrutia zinegotziaren berbetan, udal gobernuak gehiengoan gobernatzen duenez, "EH Bilduk ordezkatzen dituen herritarrekiko jarrera baztertzailea eta errespeturik gabekoa" da. "Udal gobernu batek herritarrontzat proiektu ahalik eta osatuenak sortzea izan behar du helburu eta horretarako, iritzi ezberdinak eta proposamen ezberdinak kontutan edukitzea aberasgarria da".

Horrez gainera, Jose Luis Navarro alkateak joan den astean egindako adierazpenak "oso grabeak" direla salatu dute. "Zortzi urteotan egin dugun lana gutxietsi du", adierazi zuen Urrutiak. Bi legegintzaldietan egindako lanegaz zerrenda bat osatu du, baita ere, koalizio abertzaleak: "Udal lan poltsak sortzea, etxebizitza politikak garatzea, IBI zergaren eta kirol jardueren balioak bajatzea... Aurrerantzean ere, herritarrentzat eta herritarrekin lanean jarraituko dugu"

Amaitzeko, udal gobernuari hausnartzeko deia egin diote agerraldian. "Beraiei dagokie hurbilketa egitea, eta hausnartzea: sektore bat ixilik edukita eraiki nahi dute herria?", galdetu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!