“ANBOTOk webguneari berehalakotasuna eta gaurkotasuna emateko apustua egin du”

Joseba Derteano 2018ko urt. 28a, 11:00

ANBOTOko webguneko bisita kopurua nabarmen hazi da azken urteetan. Horren inguruan hitz egin dugu ANBOTOko kazetaria den Maialen Zuazubiskarrekin.

Bisita kopurua nabarmen hazi da azken urteetan anboto.org atarian. Zure ustez, zerk ekarri du gorakada hori?
ANBOTOk webguneari berehalakotasuna eta gaurkotasuna emateko apustua egin du, irakurleei unean uneko albisteak eskainiz. Gainera, duela urte bi guardiak egiten hasi ginen irakurleei edozein egun zein ordutan azken ordukoen berri  emateko, eta horrek zerikusi zuzena izan du bisiten gorakadagaz.

Informazioa irakurtzeko ohiturak asko aldatu dira, ez dira gauza bera papera eta weba. Informazioa ekoizteko orduan ere, kontuan hartzen al duzue hori?
Bai. Papererako edukiak sakonago lantzen ditugu. Weberako, berriz, bisitariak erakartzeko asmoz, gauza bisualagoak egiten ahalegintzen gara: bideoak, argazki galeriak... Gaur egun bisitarien gehiengoa mugikorretatik sartzen da webguneetara, eta horrek bizkor kontsumitzeko produktuak sortzea eskatzen digu.

Egiten al duzue webguneko emaitzen jarraipena?
Bi asterik behin lantaldean aztertzen ditugu emaitzak. Datuak aztertzea ezinbestekoa da egiten gabiltzan lanak fruituak eman dituen ikusteko eta baloratzeko.

Jasotako bisiten artean, zenbat dira mugikorretik etorritakoak? Eta sare sozialetatik?
Bisiten %63,37 dira mugikorretik etorritakoak, eta sare sozialen bidez, %40,28. Gaur egun sare sozialek indar handia dute, eta Facebook bidez tokiko hedabideok bisita asko jasotzen ditugula ikusi daiteke.

Sare sozialen indarraren aurrean neurririk hartu duzue?
Bai. 2017 hasieran Facebookera bideratzeko eduki propioa sortzea erabaki genuen. Orduz geroztik, elkarrizketatuei bideo laburrak egiten dizkiegu eta, ondoren, Facebooken zuzenean zabaltzen ditugu.

Facebookeko jarraitzaileak nolakoak diren aztertzen duzue? Ez al dira gaztetxoak?
ANBOTOren jarraitzaileen %32,41 35 eta 44 urte bitartekoak dira eta %26 25 eta 34 urte artekoak. 24 urtez azpikoak, berriz, %6 baino ez dira.

Zeintzuk dira erronkak?
Edukiak lantzerakoan estrategia digitalean asmatzea da gakoa. Argi dago ikus-entzunezkoek geroz eta indar handiagoa dutela interneten, eta gu ere kontsumo ohitura berrietara moldatu behar gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!