Eneko Etxebarria zinegotziari liberazioa kentzea eskatuko du Abadiñoko EH Bilduk

Maialen Zuazubiskar 2018ko urt. 24a, 16:28

Abadiñoko EH Bilduko kideek mozioa aurkeztuko dute zinegotziaren kargugabetzea eskatzeko.

Kultur eta kirol arloko burua den Eneko Etxebarria zinegotziaren kargugabetzea eta liberazioa kentzea eskatuko du mozio bidez EH Bilduk. "Ia hiru urte igaro dira legegintzaldia hasi zenetik, eta hasieratik gure herrian kultur eta kirol arloetan hutsune eta gabezia nabariak daude", adierazi dute prentsa ohar bidez oposizioko kideek.

EH Bildukoek prentsa oharrean ondorengo gabeziak aipatu dituzte: kultur eta kirol batzordea "oso gutxitan batzea", kontseiluak "hiltzen uztea", kultur zein kirol elkarteei "kriterio subjetiboetan" oinarritutako diru laguntzak ematea, rokodromoko erabilera erregulatzen duen ordenantzarik ez izatea eta hamarketan egon den bertso saioa eskaintza kulturaletik kentzea, bestek beste.

Oposizioko kideek "gogor" salatu dute egoera honen aurrean bai EAJk baita Abadiñoko independenteek duten jarrera. "Elkarrekin gobernatzeko paktuarekin EAJk liberatu bat izatea lortu zuen eta Independenteek beraien bozkak gobernatzeko behar dituztenez, kultur eta kirol arloetan dauden hutsuneekin ez-ikusiarena egiten dute", adierazi dute. Hori horrela, urtean 22.600 euroko soldata jasotzen duen zinegotziaren kargugabetzea eskatu dute EH Bildukoek, eta bere ordez beste ordezkari bat jartzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!