Airearen kalitatea

Azterlan eta Jaurlaritzarekin batera, Abadiñoko airearen kalitateren azterketa egiten ari dira udalean

Aritz Maldonado 2017ko abe. 20a, 12:53

2018ko aurrekontuak onartu aurreko prentsaurrekoan adierazi du EAJk, Abadiñoko Udala airearen kalitatearen jarraipena egiten ari dela Jaurlaritzarekin, eta Azterlanekin batera; Garbi enpresa, bere aldetik, konpromiso ezberdinak hartzeko prest dagoela adierazi dute jeltzaleek. 2018ko aurrekontuak onartzerakoan, lau lehentasun ezarri ditu alderdi politikoak: Zelaietako urbanizazioa, Matiena auzoko aparkalekua, umeentzako parkeen estaltzea eta airearen kalitatearen jarraipena.

"Krisi-ekonomikoko egoera batetik irten gara, eta horri esker, inbertsioak egiten hasi ahal gara orain" adierazi du Iñaki Rekalde Landa Garapen, Merkataritza eta Turismo arloko zinegotziak. Horrela, 1,2 milioi euroko inbertsioa onartzea aurreikusten da Muntsaratzen peatonalizaziorako. "Eskaera historiko bat da hau". 2018-2019 bitartean egingo dira obra hauek.

Eneko Etxebarria kirol arloko zinegotziak adierazi duenez, Matienako aparkaleku berriarekin, bi behar asetuko dira. Alde batetik, bizilagunek toki gehiago izango dute aparkatzeko; bestalde, disuasio-aparkaleku gisara erabili ahalko dute garraio publikoaren erabiltzaileek. Aurrekontuetako partida bat umeentzako parke bat estaltzeko godeko da. "Gure proposamena Matienako Pino plazako parkea izango da, berriena delako. Hala ere, ez da lehentasunezkoa parke hori izatea".

Horrez gainera, rokodromoa irekita dagoela adierazi dute jeltzaleek, eta 2018an ikastaroak abiatzeko diru partida ere onartuko da aurrekontuetan. 

Bestalde, pozik agertu da alderdia 2015-2019ko legegintzaldirako agindutako konpromisoak betetzeagaz. Besteak beste, auzo taxia ezarri izana eta baserrietako seinaleztapenarekin betetzea, jeltzaleen lanari esker izan dela azpimarratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!