Urkiolan umezurtz

Erabiltzailearen aurpegia Txaro Azpiri

Urkiolako komisioak, kontseilu pastoralak, ezkonduen taldeak eta Urkiolako lagunek Joseba Legarza eta Urkiolan egondako gainontzeko abadeak gogoan izan dituzte.

Bai, 47 urte egon eta gero holan sentitzen gara, Urkiolan umezurtz.

Urte guzti hauetan beti sentitu zaittuegu gure ondoan. Hor egon zarie aholkuak emoteko zein gure poztasunak edo ezbeharrak entzuteko, eta hainbeste urtetan ugariak izan dira momentu horiek. Zuen besoak eta zuen bihotzak zabalik aurkitu doguz beti, beti prest guretzat. Hau da, elizako ateak eta, batez be, zuen etxeko ateak parez pare egon dira zabalik.

Orain, zuen bizitzako etapa bat amaitu dozuela eta, Urkiola aro berri bat hastera doa. Azken aldi honetan, gure Bittorrek Bilborako bidea hartu eban, Urkiolan paregabeko itzala utziz. Josebak barriz, Bittorrekin Bilbon elkartzeko maletak eginda zeuzkala, Urkiolatik zerurako bide zuzena hartu deusku azken aste honetan, 47 urtetan etengabe Urkiolaren alde lan izugarria eta aparta egin ondoren. Goian Bego. Anton Gasteizera doa, hango egoitzan hainbeste merezi daben deskantsuaz eta maitasunaz gozatzera bere aro berri honetan. Ez doguz ahaztu gura be zuekin eta gurekin urte hauetan Urkiolan egon diren beste asko. Abadeen artean Manuel Estonba, Luis Alberdi, Jesus Ayo, Leandro Zaloña, Xabier Eskauriatza, Josu Lopez Villalba eta Joakin Astiz, eta laikoen artean Balen Pagonabarraga, Nati Salterain, Peli Romarategi eta Ana Arriola. Gaur egungo Urkiolak zuoi guztioi zor deutsue bere izaera zati handi bat, zalantza barik.

Zer egingo dogu hemendik aurrera? Euskaldunok badakigu aurrera egiten eta eutsiko deutsagu danon artean zuek itxi deuskuzuen ondare zoragarri honi. Zuek zuen beharra ondo baino hobeto bete dozue eta orain, bertan jarraitzen dogunon txanda da. Beste garai berri bat hastera goaz baina ez deutsuegu hutsik egingo. Antonio deunak, gure San Antonio biak beti izango doguz lagun, guk eta zuek. Ondo merezi dozuen atsedena izan zuek, Bittor eta Antonek hemen lurrean eta Josebak zeruan.

Euskaldunok sentimendu guztiz norbaiti agur esaten deutsagunean, berarentzat onena opa deutsagu. Holan ba, zuoi guztioi, agur eta eskerrik asko bihotz-bihotzez.

Urkiolako Komisinoa, Kontseilu Pastorala, Ezkonduen Taldea eta Urkiolako lagunak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!