Abadiñoko Eroskik produktu ekologikoen aldeko apustua egin du

Joseba Derteano 2017ko aza. 22a, 20:58

Eroskiko langile eta arduradunak produktu ekologikoko gunearen aurrean.

Hipermerkatu barruko espazioa berrantolatu dute. Produktu ekologikoen, dietetikoen eta glutenik bakoen gunea inoiz baino handiagoa da.

Hile eta erdiko lanaren emaitza gaur aurkeztu dute, hipermerkatu barruan egindako ekitaldi batekin. Kontsumitzaileentzat “atseginagoa eta erosoagoa” den espazio banaketa bilatu dutela azpimarratu du Iñaki Etxebarria Eroskiko salmenta arduradunak.

Hipermerkatuaren erdian produktu ekologikoan, dietetikoen eta glutenik bakoen gunea atondu dute. Baita intolerantziak dituztenei bideratutako produktuen gunea ere. Ildo horretako inoizko eskaintzarik zabalena aurkitu daiteke bertan. “Lehen hiru-lau modulo hartzen bazituen, orain 45 bat hartzen ditu”, zehaztu du Iker Pereira elikagaien arloko buruak. “Ekoizpen ekologikoko 1.000 produktu baino gehiago daude”.  Kontsumitzaileen iritziak eta ekarpenak jaso ostean, produktu mota horien gaineko eskaintza hazi egin delako hartu dute esparru hori handitzeko erabakia. Eremu horretan, solteko salmenta gunea ezarri dute; hau da, kontsumitzaileak nahi duen kantitatea hartu dezake askotariko produktuetan. 

Lurrin denda espezializatuagoa eta parafarmazia handiagoa ere badaude orain Eroskin. Etxetresnen gunea sarrerara gerturatu dute bezeroentzat eskuragarriago egon dadin.

Tronperri Dantza Taldekoen dantzek alaitu dute aurkezpen ekitaldia.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!