300.000 euro inbertituko dituzte udaletxea eraberritzeko lanetan

Aritz Maldonado 2017ko aza. 8a, 12:40

Pleno aretoa ezik, ia beste guztia aldatuko dutela adierazi du Jose Luis Navarro alkateak. Obrak 2018ko maiatzerako amaitzea aurreikusten dute. 

San Trokaz jaietarako udaletxe berria edukiko dute abadiñarrek Jose Luis Navarro alkatearen berbetan. Azaroaren 13an amaituko da proiektu proposamenak aurkezteko epea. Esleipena egin ostean, obrak ahalik eta arinen hastea nahi du. Alkatearen ustetan, obrak lau hilabetez luzatuko dira. Guztira, 300.000 euroko gastua izango dela aurreikusten dute udaletik. Plano aretoa ezik, gainontzeko ia guztia eraberrituko da. Besteak beste, igogailua  jarriko da, irisgarritasun irizpideak jarraituta.

Udaletxe alboko eraikinean bulego berriak ditu udalak irailaz geroztik. Prentsarekin eginiko bisita gidatuan mintzatu da Navarro obra hauek egitearen garrantziaz. “Udaletxea herritarrengana hurbildu nahi dugu. Horrez gainera, lan egiteko espazio atsegin bat sortu nahi dugu”. Guztira, 264.000 euroko inbertsioa egin da lokala egokitzeko lanetan. Eraikinak 268 metro koadro ditu, eta bulegoak hiru solairutan banatuta daude. Bulego teknikoa, bere osotasunean, lokal berri honetan ezarriko da. “Udaletxea handitzeko proposamena barik, bi eraikin hauek berritzeko aukera hobetsi genuen”. Obrak amaitu bitartean, langileak bi eraikinetan egongo dira beharrean. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!