Abadiño Sex udal zerbitzua ezagutzera emateko hitzordua, irailaren 25ean

Itsaso Esteban 2017ko ira. 19a, 10:55

Gazte abadiñarrentzako sexologia eta harremanen inguruko aholkularitza zerbitzua ezagutzera emango dute irailaren 25ean, 17:00etatik 19:00etara, Pino plazan. Aurreko urteetan zerbitzu hori baliatu duten gazteak izango dira informazio eske hurreratzen direnei azalpenak emango dizkietenak. 

Aurreko urteetan bezala, ikasturte honetan ere sexualitate eta berdintasun arloko espezialista talde batek eskainiko du Abadiño Sex zerbitzua, Pino plazako lokalean. Astelehenetan, 17:00etatik 19:00etara egongo dira lokal horretan. Gainera, sexuaholkularitza@abadiano.org helbidera idatzita edo sare sozialen bitartez ere ipini daiteke aholkulariekin harremanetan.

Sexualitate eta giza-harremanen inguruko gaiak eztabaidatzeko gunea da Pino plazakoa, eta tailerrak eta bideo-forumak egingo dituzte, besteak beste, bertan. Sexualitateari buruzko mitoak hautsi eta berdintasunaren aldeko baloreak zabaltzea da zerbitzuaren helburua, eta gazte eta nerabeei zuzendutako zerbitzua izanagatik, helduek ere jo dezakete bertara informazio eske.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!