Erosketa bonuen kanpaina martxan, herriko merkataritza bultzatzeko

Itsaso Esteban 2017ko ira. 1a, 14:05

Gaur hasi dute herriko merkataritza bultatzeko helburuagaz udalak eta Abadiñoko Merkatari Elkarteak martxan ipini duen erosketa-bonuen kanpaina. Herriko 26 komertziok hartuko dute parte bigarren urtez antolatu duten kanpaina horretan.

Iñaki Rekalde zinegotziak eta merkatari elkarteko Lorea Iriondo eta Maria Baratok aurkeztu dute, gaur, kanpaina. Azaldu dute, urriaren 31ra arte egongo dela martxan, eta bost euroko balioa izango duten 1.000 erosketa-bonu izango dituztela kontsumaileek eskuragai. "Gure helburua da abadiñarrak herriko dendetan sartu daitezala eta ezagutu ditzatela eskaintzen dituzten produktuak. Seguru gaude kanpaina honi esker herriko dendek bezero bat baino gehiago irabaziko dutela datozen hileetan", adierazi du zinegotziak.

Lorea Iriondok aurreratu duenez, kanpaina horregaz batera, irailaren 30erako herriko merkataritzaren jaialdia prestatzen dabiltza merkataritza elkartekoak. Iaz sorturiko merkatarien elkartea ezagutzera eman gura dute jaialdi horregaz, eta umeentzako tailerrak eta jolasak eskainiko dituzte, Zelaietan.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!