Fuensanta de Martos herriagaz senidetzea ofizialdu dute

Itsaso Esteban 2017ko eka. 29a, 11:30

Maiatzean, Traña-Matienako jaietan egin zuten ekitaldian irudikatu zuten Abadiño eta Jaengo Fuensanta de Martos herrien arteko senidetzea. Aste honetara arte, baina, Abadiñoko Udalean ofizialdu barik egon da senidetze hori. Abadiñoko Independienteen eta EAJren udal gobernuaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioagaz onartu zuten senidetzea, martitzenean. 

Bere abstentzioa azaltzeko, gaia ez dela udalean behar bezala eztabaidatu eta landu adierazi zuen EH Bilduk. “Ikuspegi orokorrago batetik aztertu beharko litzateke beste herri batzuetatik Abadiñora etorritakoen ekarpena zelan aintzatetsi”, esan zuen Mikel Urrutia zinegotziak. Senidetzeaz aparteko bestelako formulak aztertu behar lirateke, koalizioaren ustez. 

Jose Luis Navarro alkateak esan zuen Jaengo herri horretatik jasotako proposamenari erantzunez burutu dela Fuensanta de Martos herriagaz senidetzea, eta gogora ekarri zuen abadiñar asko etorri zirela herri hartatik. Hala ere, gaia modu orokorrago batean aztertzeko eta aurrerantzean senidetzeak zelan egin adosteko prest agertu zen alkatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!