"Herriko errekak garbi mantentzeko lanketarik ez egitea" egotzi dio EH Bilduk udal gobernuari

Itsaso Esteban 2017ko eka. 1a, 12:00

Jose Luis Navarro alkateak herriko erreken kudeaketan daukan erantzunkizuna ez duela bete kritikatuz, prentsa oharra bidali du EH Bilduk. Koalizioak ohar horretan azpimarratu duenez, joan zen martitzeneko osoko bilkuran "alkateak berak aitortu behar izan zuen gai honetan ez duela bere erantzunkizuna bete". 

EH Bilduk "arduragabekeri handitzat" jotzen dugu udal gobernuak "gure erreken ekosistemak mantentzeko ezer ez egin izana, eta onartezina deritzogu alkatea gai honetan gezurretan aritzeari". Azken urtean gai horren inguruan gertatukoaren honako kronologia hau bidali du EH Bilduk prentsa oharrean: 

  1. 2016ko uztailean herriko hainbat gaztek Zaldua erreka garbitzeko ekimena burutu zuten udaletxearen utzikeriaren aurrean.
  2. Uztailean bertan, Abadiñoko EH Bilduk udal gobernuari exijitu zion bere erantzunkizuna bete eta beharrezko neurriak har zitzala erreken garbiketa bermatzeko.
  3. 2017ko apirileko udalbatzan, gai honetan inolako lanketarik ez dela egin ikusirik, egoeraren larritasunaz ohartarazi zuen EH Bilduk udal gobernua. Alkateak erantzun zuen URA agentziarekin hitzarmen bat sinatuta duela errekak garbitzeko.
  4. 2017ko maiatzean hitzarmen horren kopia bat eskatzean, ohartu gara ez dagoela inolako hitzarmenik sinatuta. Udalbatzan alkateari horren berri ematen diogunean, gezurra esan zuela aitortu, eta herriko errekak garbitzeko inolako lanketarik ez duela burutu onartu du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!