Udal kontseiluen lehendakaritzaren ardura hartzeko bere burua eskaini du EH Bilduk

Anboto 2017ko mai. 24a, 18:14

Datorren martitzeneko osoko bilkuran aurkeztuko duen mozioaren edukia aurreratu du Abadiñoko EH Bilduk, asteon komunikabideetara bidali duen ohar batean. Idatzi horretan, udal kontseiluen lehendakaritza bere gain hartzeko eskaintza egiten du koalizioak.

EH Bilduk martitzenean osoko bilkuran aurkeztuko duen mozio horretan adierazten duenez, kirolari eta kulturari bultzada bat emateko helburuarekin sortu zituzten kirol eta kultura kontseiluak, 2012an, arlo horietan diharduten norbanako eta taldeekin elkarlanean jarduteko helburuagaz. 

EH Bilduk hainbat aldiz kritikatu du, azken urteotan, gobernu taldeak ez dituela kontseilu horiek behar bezala dinamizatzen. Hainbat osoko bilkuratan eskatu diote udal gobernuari kontseiluak martxan jartzea. 

Maiatzaren 30eko osoko bilkuran aurkeztuko duen mozioaren bitartez, besteak beste, "kontseiluen dinamizazio ardura, hau da, presidentzia, EH bilduri ematea" proposatuko du koalizioak. EH Bilduren ustez, Abadiñoko udaletxean kontseiluekiko "jarrera aktiboa" duten bakarrak beraiek baitira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!