Udal gobernuaren politika energetikoagaz kritiko agertu da EH Bildu

Anboto 2017ko mai. 10a, 16:45

“Iberdrolaren oligopolioaren alde egitea” egotzi die EH Bilduk udal gobernuan dauden Abadiñoko Independienteei eta jeltzaleei.

 

“Abadiñoko udalbatzak energia berriztagarrien eta aukera berdintasunaren aurka eta Iberdrolaren oligopolioaren alde” egin duela kritikatu du EH Bilduk, gaur komunikabideetara bidali duen ohar batean.

Gai horren inguruan koalizioak apirileko plenoan aurkeztu zuen mozioaren aurrean Abadiñoko Independienteak eta EAJ alderdiek izan zuten jarrera gaitzesi du EH Bilduk. “Apirileko plenoan, Iberdrolak energia elektrikoaren merkatuan duen oligopolioa salatzeko, udalaren hornidura elektrikoa energia berriztagarrien bidez hornitzeko eta etikoagoak diren beste enpresa batzuei aukera berdintasunean hornidura hori eskaintzeko” proposatu zuela azaldu du EH Bilduk, eta kontra bozkatu zutela AIk eta EAJk. 

“Urtean ia 300.000 euro ordaintzen dizkio Abadiñoko Udalak Iberdrola enpresari”, dio EH Bilduk komunikabideetara bidali duen oharrak. “Legez diru kantitate horretako kontratu batek esleipen prozesu bat eskatu arren, Iberdrolari ematen zaio zuzenean kontratu hori, lege hauste bat eginez .

EH Bilduren ustez, “energia berriztagarrien aldeko apustua egin eta herritarrei kontsumo elektrikoaren gastua jaisteko hainbat aholku ematen dituzten enpresa etikoagoak hobetsi” behar lituzke udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!