Udaletxea eraberritu eta bulego teknikoak lekualdatuko dituzte

Itsaso Esteban 2017ko mai. 9a, 13:08

Abadiñoko Independienteen eta EAJren botoekin onartu zuten, duela bi asteko osoko bilkuran, udaletxeko obra egin ahal izateko 145.000 euroko kreditu gehikuntza. Udaletxean igogailua ipintzeko inbertsioa egin ahal izateko, udal aurrekontuan jasota zeuden 148.000 euroei gehituko diote aipaturiko zenbateko hori.

Kreditu gehikuntza hori onartuta, “igogailua ipinita, udaletxeko irisgarritasuna hobetzeaz gainera, eraberritze orokorra egingo dugu eraikinean, eta altzari berriak erosiko ditugu”, azaldu du Jose Luis Navarro alkateak.

Kreditu aldaketa horri lotuta, udal gobernuari aurreikuspen falta egotzi zion Mikel Urrutia EH Bilduko bozeroaleak joan zen martitzeneko udal batzarrean. “Udaleko batzordeetan %20ko murrizketak egin dituzte eta herriarentzat estrategikoak diren beste hainbat arlotan —saneamendu sarean edo Zelaietako irisgarritasuna hobetzeko proiektuan— ez da ezelako inbertsiorik egiten”, kritikatu zuen Urrutiak. “Aurrekontuak egiteko moduaz zalantza sortzen digute halako kreditu aldaketek”, azpimarratu zuen.

EH Bilduren kritikari erantzunez, “udal aurrekontua aurreikuspen bat da, eta urtean zehar hau bezalako beharrizan eta proiektu berriak sortzen dira”, azpimarratu zuen Jose Luis Navarro alkateak.

Udaletxean igogailua ipini eta eraikin horren eraberritze orokorra egiteaz gainera, San Trokaz kaleko 2. zenbakian dagoen abadetxea udaletxeko hainbat zerbitzu hartzeko atontzea da Abadiñoko Udalak 2017rako onartu zuen aurrekontuak jasotzen duen beste inbertsio nagusia. Udaleko bulego teknikoak eramango dituzte abadetxera. Eraikin horren hiru solairutan atonduko dituzte, besteak beste, harrera-gunea, idazkaritza eta artxibategia. Abadiñoko Udalak 253.045 euroko aurrekontua gorde du abadetxeko obra horretarako.             

Udaletxearen eraikineko eta bulego tekniko berria egiteko lanak irailerako amaituta edukitzea aurreikusten du udalak. Jose Luis Navarro alkateak asteon adierazi duenez, abadetxeko lanak esleitu ditu dagoeneko Abadiñoko Udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!