N-636 errepidean kamioiak debekatu ditzala eskatu dio gobernu taldeak Aldundiari

Itsaso Esteban 2017ko api. 25a, 13:21

Astola auzotik hasi eta Atxondoko mugaraino N-636 errepide zatian kamioen zirkulazioa debekatzeko eskatu dio Abadiñoko Udalak Bizkaiko Aldundiari. Horrela abadiñarren bizi-kalitatea hobetuko litzatekeela azpimarratu du gobernu taldeak.

Jose Luis Navarro alkateak esan du Gerediaga-Elorrio autobidea zabalduta dagoen ezkero “erabat logikoa” dela kamioiak bide berritik joatea. "Autobide berriaren helburuetako bat izan zen Durangaldeko hainbat herritako kaleartetik kamioi astunak ateratzea, eta asmo hori Zelaietaren kasuan beteta geratuko da debekatzen bazaie kamioiei Zelaieta zeharkatzea N-636 errepidetik ", adierazi du Navarro alkateak.

Bestalde, udal gobernu taldeak jakitera eman duenez, eta udalak hala eskatu arren, Bizkaiko Aldundiak "momentuz" ez dio N-636 errepidearen Zelaietako tartearen titulartasuna udalari emango. Gobernu taldearen arabera, "aurrekontuak ahalbidetzen dionean" utziko dio Aldundiak errepide zati hori udalari. Gauzak horrela, Iturritxo kaletik N-636 errepideraino bide berri bat atontzeko baimena eskatu dio Abadiñoko Udalak Aldundiari, gaur jakitera eman dutenez. "Zelaietako trafikoa berrantolatu eta hainbat kale oinezkoentzat atontzea", gura du gobernu taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!