Rothenberger enpresako langileak, hitzarmena aldarrikatzen

Itsaso Esteban 2017ko api. 24a, 17:00

Hitzarmen duin baten defentsan, Rothenberger enpresako langileak borrokan lemagaz kontzentrazioa burutu dute, gaur eguerdian, enpresa multinazional horrek Abadiñoko Astola auzoan daukan egoitzaren aurrean. LAB, CCOO eta ELA sindikatuen ordezkariek osaturiko enpresa batzordeak deitu du mobilizazioa.

Sindikatuen ordezkariek azaldu dutenez, 2013 urtetik hitzarmenik barik daude Abadiñoko enpresa horretan. Langileek kritikatu dute enpresak ez duela erakutsi negoziatzeko ezelako borondaterik. Enpresaren ardunadunen jarrerari erantzuteko, astelehen eta eguaztenero gaurkoa bezalako kontzentrazioak egiten hasi ziren martxoan. Asteon, bazkalordu guztietan aterako dira enpresaren aurreko bidegurutzera.

“Enpresaren egoera kaxkarra aitzakiatzat ipinita soldatetan %5eko jaitsiera eta 105 lanorduko igoera aplikatu ziguten 2013an”, azaldu du Jose Luis Gomez enpresa batzordeko ordezkariak. Gomezen berbetan, baina, enpresaren balantze ekonomikoetan ikusi dutenaren arabera, 2014an eta 2015ean irabaziak izan dira.

Bestalde, enpresak langileen erretirorako eskubidea gauzatzeko baldintzak ere ez dituela bermatzen salatu dute sindikatuen ordezkariek. Hain zuzen ere, Rothenberger enpresako langileen ia erdia dago erretiroa hartzeko adinean. Abadiñon, Gasteizen eta Madrilen dituzten lantokietan, 194 langilek dihardute enpresa horretan lanean.

Asteon, multinazionalaren arduradunekin bilduko dira langileen ordezkariak. “Enpresak langileen eskubideak murrizten jarraitzen eta produktibitatea langileon osasunaren gainetik jartzen jarraitzen duen bitartean mobilizatzen jarraituko dugu”, dio Gomezek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!