Apirilaren 7ra arte dago udalekuetan izena emateko aukera

Hiru eta hamazazpi urte arteko ume eta gazteei zuzendurik udalak uztailerako antolatzen dituen udalekuetan izena emateko aukera dago, apirilaren 7ra arte. Udal Mediatekan eta Errota kultur etxean eman daiteke izena.

Uztailaren 3tik 14ra bitartean, Zelaietako eskolan, egingo dituzte 10 urtera arteko umeentzako ludoteka eta udalekuak, 9:30etik 13:30era. Argi Abad zinegotziak azpimarratu duenez, "urtero lez, haurrek ondo pasatzea nahi dugu, eta euskaraz hitz egiten jarrai dezatela eskola girotik kanpo ere".

Izena ematen duten gazteek 12 gau pasatuko dituzte oraindik zehazteke dagoen aterpetxe batean, uztailaren 3tik 15era. Askotariko tailerrak eta abentura kirolak egingo dituzte egonaldi horretan parte hartzen dutenek. Ima Zapardiez gazteria arloko zinegotziak azaldu duenez, iaz bi aukera eskaini zizkieten gazteei —bata herrian eta bestea herritik kanpo. Herritik kanpoko egonaldiak izan zuen arrakastarik handiena, eta horregatik, "aurten herritik kanpoko egonaldia luzatzea" pentsatu dute.

Iaz 215 umek hartu zuten parte Abadiñoko Udalak antolaturiko udalekuetan, eta 26 hezitzaile jardun ziren horietan lanean.  

Durangaldeko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bitartez jaso gura dituzu? Hauek dira bi aukerak.

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @anbotokomunikabideak kanalera.