Traña-Matienako kale garbiketaren baldintzak

Itsaso Esteban 2017ko api. 4a, 10:45

Aurretik ardura hori zeukan enpresaren esleipen epea eta legez egin zitezkeen bi luzapenak amaituta, Traña-Matienako kale garbiketa azpikontratatzeko baldintzak publiko egin eta lehiaketara deitu zuen Abadiñoko Udalak, abenduan.

Baina ez da enpresarik aurkeztu esleipen prozesura. Abadiñoko Independienteen eta EAJren gehiengoagaz, beste baldintza batzuk onartu zituen udalak, pasadan martitzeneko osoko bilkuran. Lizitazioaren zenbatekoa aldatu dute, besteak beste. EH Bilduk kontra bozkatu zuen.

Jose Luis Navarro alkatearen hitzetan, gobernu taldearen ustez lehiaketa hutsik geratzeko arrazoia enpresentzat udalaren proposamena erakargarria ez izatea izan liteke. Horregatik, udalak enpresei egiten dien eskaintza ekonomikoa %10 igo dute, zerbitzua eskaintzeko prest leudekeen enpresei irabazi ekonomiko handiagoak izatea ahalbidetuz.

Zerbitzua azpikontratatzeko dituen zailtasunei erantzuteko udal gobernuak hartu duen erabakia ez zaio egokia iruditzen EH Bilduri. Koalizioak azpimarratu duenez, “udalarentzat 358.992 euroko gastua ekar lezakeen zerbitzu bategatik enpresei 394.000 kobratzeko aukera emango die udalak”. Gai hau udalean mahaigaineratu den bakoitzean berretsi duen bezala, azpikontratazioaren kontra agertu zen EH Bildu. “Udalak galdu egiten du zerbitzuak zuzenean kudeatzeko ahalmena”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!