Neurriak hartu arren, galdategiko hautsa ez da oraindik desagertu

Itsaso Esteban 2017ko mar. 10a, 09:19
Jaurlaritzako ingurumen Sailaren aginduz, tximinien iragazkiak aldatu ditu Garbi galdategiak.

Burdina galdatzen dute Muntsaratz auzoko Garbi enpresan, eta udalak eskatuta azaroan egin zuten azterketa baten arabera, handik etorri da Muntsaratz auzoko zorua hauts beltz batez estali izan duen kutsadura. Udalak eskatuta baita, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak enpresa ikuskatu zuen azaro amaieran, eta kutsadura ekiditeko hainbat neurri hartzea agindu zion enpresari.

Andres Fernandez Abadiñoko Udaleko arkitekto teknikoaren arabera, Ingurumen Sailak eskatutako neurri guztiak hartu ditu enpresak. Tximinien iragazkiak aldatu, harea-biltegia hermetikoki itxi, kamioiek harea deskargatzen duten lekua aldatu, patioen garbiketaren maiztasuna gehitu, eta kanpoko harea-edukiontzia kendu dute, besteak beste.

“Ikusita arduradunek eskatutako neurriak hartu dituztela, baina hala ere arazoa ez dela guztiz konpondu”, Abadiñoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak egoeraren jarraipena egiten segituko dutela adierazi du Fernandezek. Arkitekto teknikoak aurreratu du enpresaren instalazioak sakonago aztertzeko asmoa daukala Jaurlaritzak, nahiz eta bisita horretarako datarik ez duten oraindik ipini.

Fernandezek azaldu du, enpresak hartutako neurrien eraginkortasuna baloratzeko, auzotarren iritzia ere jaso zutela urte hasieran, eta denerikoak izan zirela erantzunak. “Batzuek diote igartzen dela hobekuntza, eta beste batzuek, aldiz, beraien etxeetako balkoiak belztuta agertzen direla orain ere. Guk gure bidez ikusi ahal izan duguna da gutxitu egin dela kutsadura, baina oraindik ere gertatzen direla isurketak”, adierazi du.

Fernandezek nabarmendu duenez, egindako azterketen arabera isurketak ez dira osasunerako kaltegarriak. Abenduan egin zuten ikerketaren arabera, 10 mikra baino gehiagoko partikulak dira Muntsarazko zoruan pausatzen direnak, eta ez dago arriskurik horiek arnasteko. Egindako azterketen arabera, legeak ezarritako parametroen barruan dago Muntsarazko airearen kalitatea: ona edo oso ona da, neurketen arabera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!