Guenetxea: “Bizkaian eragin gura badugu Bizkaitik izan behar da, eta lan hori egiteko prest gaude”

Markel Onaindia 2017ko mar. 3a, 14:20
Eibarko Markeskua Jauregian astelehenean egin zuen Tokikomek bere urteko batzar nagusia.

Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendaria Tokikom tokiko hedabideen bateraguneko presidente izendatu dute. Guenenetxeak Urko Aristiren lekukoa hartuko du. 2017an jauzi kualitatiboa emango duela aurreratu du Tokikomek bere batzar orokorrean.

Ardura berriek beti eman ohi dute bertigo apur bat. Hala ere, proiektuan sinisteak laguntzen du.
ANBOTOk Tokikomen sorreran parte hartu zuen. Hasiera-hasieratik tokikoon indarrak batzearen garrantzia argi izan dugu. Urteetan ereiten aritu garenaren uzta jasotzen ari gara orain, beraz sinesten genuen proiektu hori errealitate bilakatu da. Bestalde, bertigoa ematen du, bai. Gainera, zaila izango da Urko Aristik eman duen maila berdintzea. Baina lan-taldean gustura dihardut eta jende oso profesionala dut inguruan. Bestalde, Tokikomek Bizkaian eragin gura badu Bizkaitik izan behar da, eta lan hori egiteko prest gaude.

Tokiko hedabideen eragina edo balioa gutxietsi izan dute hainbatek. Zer iritzi duzu?
Egia da badela guk egiten dugun kazetaritza gutxiesten duenik. Adibide erraz bat jarriko dizut. Durangoko bonbardaketaren inguruan azken urteetan hedabide handiagoek berba egin dute. Baina, horri buruz inork idazten ez zuen urteetan, badakizu gai hori nortzuk landu dugun? Tokikook. Eremu bakoitzeko aktualitatea bertatik bertara ezagutzen dugunok eta arlo bakoitzeko kontaktuak ditugunok geu gara. Bakoitza bere esparruan, beste inor heltzen ez den lekuetara heltzen gara. Errealitatearen gertuko ikuspuntu horrek bere balioa dauka. Bestalde, euskararen normalizazioan eta transmisioan egiten dugun lana ere aintzat hartzekoa dela esango nuke.

Zer erronka izango ditu ANBOTOk?
Tokikomeko hainbat proiektugaz bat egin dugu, eta, ildo horretatik, 2017a aldaketen urtea izango da. Edizio sistema bateratua jarriko dugu martxan, eta, horrela, lan prozesuak eraginkorragoak izango dira. Formazioa ere 2017ko helburuetako bat da, bai kazetaritza arloan, bai kudeaketan eta alde komertzialean. Iaz kudeaketa aurreratuaren programan ere sartu ginen, eta aurten, gai horretan sakondu gura dugu. Elkarte bat garen arren, kudeaketan ikuspuntu enpresariala aplikatzea garrantzitsua dela uste dut.

Kazetaritza egiteko sasoi zailak baina interesgarriak direla esango nuke, eta euskaraz.
Digitalizazioak iraultza eragin du hedabideetan, txiki zein handi. Informazioa kontsumitzeko ohiturak aldatzen ari dira sare sozialekin eta mugikorrekin. Aldaketa horrek bide berriak urratzeko aukera ematen du, eta euskaraz. Hala ere, webguneetako  negozio eredua garatzeko dago oraindik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!