Faouzia Ben Omar: “Badaude ikastetxeak eskari nahikoa dutenak islama irakasteko, baina ez dago irakaslerik”

Aitziber Basauri 2017ko ots. 26a, 10:30

Badira urte batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sare publikoan erlijio islamiarra irakasten hasi zirela. Hala ere, Romaesa Benslaiman eta Faouzia Ben Omar dira islama euskaraz irakasteko baldintzak betetzen dituzten aurrenekoak. Faouzia sei urte zituela etorri zen gurasoekin Marokotik Abadiñora.

Izan duzu aukerarik eskolak emateko? Zeintzuk baldintza bete behar izan dituzue?
Magisteritza, Euskarazko Gaitasun Agiria (EGA) eta Espainiako Batzorde Islamikoaren ziurtagiria ditugu. Nik oraindik ez dut eskolarik emateko aukerarik izan. Izan ere, abenduan kaleratu zituzten behin betiko zerrendak. Hala ere, ikasturteak aurrera egin ahala deituko digutela uste dugu. Romaesak egin du ordezkapenen bat.

Gaur egun, bi lagun daude sare publikoan islama erakusten.  Gaztelaniaz. Zuek ordezkapenetarako zerrendan zaudete?
Bai. Momentu honetan, Bizkaiko sei ikastetxetan irakasten du emakume batek islama. Tartean, Berrizen. Araban, berriz, lauzpabost ikastetxetan ari da gizonezko bat. Bi irakasle baino ez daude, eta ez dira denera heltzen. Badaude ikastetxeak eskaera kopuru nahikoa dutenak islama irakasteko, baina ez dago irakaslerik. Nabarmena da irakaslego falta, eta horrexegatik zabaldu dira zerrendak. Ez dituzte itxi gainera, premia bat badela erakusten du horrek. Hautazko ikasgaia da. Maila bakoitzean, astean ordubeteko eskola litzateke. Hala ere, gaur egun, zikloka lantzen dute.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ematen da?
Bai. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ere ireki ziren zerrendak, baina inork ez ditu baldintzak bete. Haur eta Lehen Hezkuntzan aritzeko irakasle bi baino ez daude. Zerrendetara 30 lagunetik gora aurkeztu gara, asko euskaldunak. Hala ere, Islamiar Batzordeak eman beharreko ziurtagaria falta zuten.

Plaza berriak sortuko direla uste duzu? Gurasoen aldetik egin dira eskariak?
Bai. Eskari kopuru nahikoa dago, eta hainbat ikastetxe daude irakasle gabe. Hala ere, informazio falta handia dago. Konturatu gara, gainera, guraso askok jakin ere ez dakitela aukera hori dutela. Gertatzen da ere ikastetxeak ez dituela aukera horretaz informatzen, edo irakaslerik ez dagoela esaten dietela. Hurrengo ikasturtera begira gauzak aldatuko direla uste dugu. Gipuzkoan, esaterako, informazio falta handia dagoela ohartu gara. Oso eskari gutxi daude, eta musulman asko daude.

6.000 familia islamiar inguru daude EAEn, eta 700 neska-mutiko daude ikasgai horretan matrikulatuta. Horiek guztiek islama euskaraz jasotzeko aukera izango dute orain?
Bai. Sei testuliburu ditugu ikasgaia emateko. Umeen adinari egokitutako testuliburuak dira. Hori bai, gaztelaniaz. Espainiako Islamiar Batzordeak sortutakoak dira, Hezkuntza Ministerioagaz batera. Material hori euskaratzea gura genuke. Hala ere, ordura arte geuk egokitu beharko dugu ikasgaia. Erlijioa bizikera modu bat da, eta hori transmititzea izango da helburua.

Zein da egoera Durangaldean?
Aipatutako informazio faltaz ohartuta, guraso eta familiekin egon gara egoera zein den azaltzeko. Meskitetan ere informatu da aukera honetaz, eta ikusi dugu Durangon, adibidez, ume kopuru nahikoa dagoela ikasgaia emateko. Bai Landakon, bai Zabalarran. Zornotzan eta Ermuan ere bai. Ermuan, adibidez, asko dira. Berrizko ikastetxen irakasten dute erlijio islamiarra. Iaz hasi ziren. Datorren ikasturteari begira eskaria egin gura dutela esan digute askok.

Gutxienez, zenbat ume batu behar da ikasgaia emateko?
Ikastetxeak gutxienez hamar eskari izan beharko lituzke irakaslea bidaltzeko. Ziklo bakoitzeko, berriz, bost ume egon behar da. Ikasle kopuru nahikoa badago bidali beharko da irakaslea. Erlijio katolikoaren kasuan ere berdin gertatzen da.

Sare publikoan islama irakasteko aukera zabaltzeari, zein onura ikusten diozu?
Herrian gehiago integratzeko modu bat da. Azken finean, gu ere hemengoak gara; hemen egiten dugu lan, bertan ikasten dugu. Beraz, erlijio katolikoa ikasteko aukera dagoen moduan erlijio islamiarra ikasteko aukera ere egotea egokia dela uste dugu; baita inolako erlijiorik ez ikasteko aukera izatea ere bai.

Islamaren kontrako jarrerak gehiatu dira azken urteetan?
Hedabideek zabaldutako informazio guztiak musulmanen edo islamaren inguruko ezjakintasuna sortu dezake gizartean, eta horrek guri beste modu batean begiratzea ekar dezake. Hala ere, ezagutzen dugu gure erlijioa. Erlijio baketsua, bizitza balioak irakasten dizkiguna, errespetua sustatzen duena... Dena den, normalizatu beharreko kontua da. Ikasgai hau ondo prestatuta dago, ikasleek islamaren ezagutza jasotzea da helburua, eta ezagutza horiek hezkuntza sarearen barruan jasotzea dela egokiena uste dugu. Aukera desberdinak daudela ikustea eta hori normalizatzea integratzeko era bat da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!