San Blas jaiak amaitzeko, idi probak eta burduntzi lehiaketa

Itsaso Esteban 2017ko ots. 10a, 10:30

Otsailaren 3ko jaiegun handia eta asteburuko jai egitarauko ekintzak burututa, Burduntziko Bildots txapelketa eta idi probak dira San Blas jaietako azken hitzorduak. Gaur, bihar, eta etzi jokatuko dituzte San Blas egunean hasi zituzten idi proben azken saioak, eta otsailaren 13an egingo dute sari banaketa.

Otsailaren 18an, probaleku ondoan egingo dute, bestalde, Burduntziko Bildots Txapelketa. Txapelketa horretan parte hartu gura izan dutenek gaur arte izan dute izena emateko aukera, eta, udalak jakitera eman duenez, guztira 50 bildots erreko dituzte otsailaren 18ko hitzordu horretan. Hiru sari banatuko dituzte. Lehen hiru sailkatuek 100, 60 eta 40 euroko saria eta garaikur bana jasoko dute, hurrenez hurren. Laugarren eta bosgarren postuan sailkatzen direnek, aldiz, garaikurrak jasoko dituzte saritzat.

Urteroko ohiturari jarraituz, 300 lagunentzako bazkaria egingo dute Burduntzi txapelketaren ostean, probalekuan. Lehiaketako parte-hartzaileek ezezik, gura duten herritar guztiek izango dute bazkari horretara joateko aukera, otsailaren 13tik aurrera Udal Mediatekan eta Errotan eskuragai izango diren txartelak erosita.

Abeltzainen sariketa
Ohi bezala, askotariko ekintzak izan ziren otsailaren 3ko azokaren bueltan, San Blasetan. Abere-lehiaketa esaterako. Murrizketak zirela-eta 2014an eta 2015ean bertan behera utzi zuten lehiaketa hau, baina iaz berreskuratu egin zuten, eta aurtengo saridunen zerrenda publiko egin du udalak. Karlos Ibarrondo elorriarrak jaso du abere sorta onenaren saria, limusin arrazako bere behiengatik. Aitor Bilbaori eman diote, bestalde, zezen onenaren saria, bigarren urtez, eta Ibon Lasuen 26 urteko abeltzain abadiñarrak jaso ditu behi onenaren eta txahal onenaren sariak. Iaz ere sariduna izan zen Lasuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!