Ez du aurrera egin eskolak ordu erdi lehenago amaitzeko proposamenak

Itsaso Esteban 2017ko ots. 6a, 10:30

Boto gutxiren aldeagaz ez du aurrera egin Traña-Matienako eskola kontseiluko gurasoek ordutegia aldatzeko egin duten proposamenak —boto gutxi batzuk falta izan zaizkie aldaketa gauzatzeko behar den eskola komunitateko kideen botoen %80 lortzeko—. Bazkalostean eskolak 14:30ean hasi, eta irteera ordua ordu erdi aurreratzea zen proposamena, eta botoa eman duten gurasoen gehiengoak horren aldekoa eman du: 313 familietatik 225ek.

Interesa eta eztabaida piztu ditu proposamenak, eta familien %98k hartu du parte bozketan. Gainera, ez da lehenengo aldia Traña-Matienako eskolan gai horren inguruan botoa ematen dutena. Duela bi urte, orain baino jende gutxiagok egin zuen aldaketaren alde (%65ek).

Aldaketarako arrazoiak
Ordutegi aldaketa proposatu duten gurasoek diotenez, ez da beharrezkoa eguerdian horren geldialdi luzea egitea (12:30etik 15:00etara). Guraso horien berbetan, bazkalosteko tarte horretan gertatzen dira umeen arteko elkarbizitza arazorik gehienak. Etxera ailegatzeko ordua aurreratzea, bestalde, onuragarria litzateke umeentzat, guraso horien ustez: arratsaldeko ekintzak lehenago amaitu, eta hurrengo egunean deskantsatuago egotea ahalbidetuz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!