Zelan sortutako proiektua da The Wilsons?
Aitor Mendilibar: New Yorken bizi naiz duela urte batzuk, eta 2014ko urriaren 1ean, Miamin zegoen Andoni eta Ipar Amerikatik oporretan zebilen Potti bisitan etorri zitzaizkidan. Nire etxean hasi ginen jotzen, eta musika lokal bat alokatu genuen gero. Hamar egun egon ginen New Yorken elkarregaz, eta horrela sortu zen Remember times The Wilsons taldearen lehenengo kanta. Bizi naizen etxea Wilson Avenue-n dago, eta kale horren omenez ipini genion taldeari izena, bideoklipa grabatu genuen... Abendu hartan, lau hilerako etorri nintzen, eta orduan osatu genuen boskotea eta atera genuen lau kantako diskoa. Oso gogoan dut, bestalde, hasi ginenean oso estresatuta nengoela New Yorken, eta egundoko bizia eman zidala hauekin elkartzeak.
Zelan sortzen da distantzian?
A.M.: Hona etortzen naizenetan asko aprobetxatzen dugu, eta beraiek ere asko etortzen zaizkit bisitan. Internet bidez edo telefonoz ere kontaktuan gaude.
Ez da zaila atzerrian bizi eta harreman hori mantentzea?
A.M.: Euskal Herrira bueltatzeko arrazoi nagusia izaten da taldea: natorrerako kontzertuak lotzen ibiltzen dira lau hauek.
Denok ere urteak daramatzazue musika taldeetan jotzen. Zein taldetan jo izan duzue?
Ibai Arrizabalaga: Ni Kruders, Iheskide, eta Puto Bastardo taldeetan eta hainbat tributo taldetan ibili naiz, eta orain Bultz! proiektuan dihardut...
A.M.: Andoni eta ni Disorders taldean ibili ginen, Potti Riot Kids eta Infernuko panpinak taldeetan...
Iñaki Ugarteburu: Nigaz Social Distortion taldean ere ibili zen Potti, eta orain Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldean ere jotzen du.
Belaunaldi desberdinetakoak zarete. Musikazaletasunak elkartu zaituzte?
I.A.: Egia da belaunaldi desberdinetakoak garela, baina beti ibili gara antzeko inguruetan.
I.U.: Adin desberdina daukagun arren, gertukoak izan gara beti.
A.M.: Andonik eta nik umetatik ezagutzen dugu elkar, eta Durangoko institutuko sasoian hasi ginen inguruko herrietako musikazaleak ezagutzen.
I.A.: Musikak elkartu gaitu.
Zelan joan zen Zaldibarko kontzertua aurreko zapatuan? Berezia izan zen?
I.U.: DBH sasoiko lagunak ditugu zaldibartar asko, eta atzerrian dabilen Mendi ere bueltatuta, emozionatuta geunden.
I.A.: Golfo batzuk dira zaldibartarrak! (barrez). Harreman oso naturala daukagu eurekin.
A.M.: Nik uste, gainera, Zaldibarren maitasun berezia hartu diotela taldeari.
Pozik zaudete eskaini zenuten zuzenekoagaz?
A.M.: Bai. Barikuan Mañariko U2 tabernan jo genuen, eta gustura atera ginen handik ere. Zaldibarko kontzertuaren aurretik beste entsegu bat gehiago baino ez genuen egin, eta espero baino hobeto atera zen.
Taberna eta gaztetxe giroko kontzertuak dituzue gustuko.
I.U.: Bai, etxean bezala sentitzea gustatzen zaigu, entzuten dauden guztiak ezagutzea.
A.M.: Orain arte taberna txikietan eta gaztetxeetan jo dugu. Alde horretatik, biharkoa desberdina izango da. Karpan joko dugu, eszenatoki altu batetik...
Zer errepertorio eskainiko duzue Abadiñon?
I.U.: Gure zortzi kantak eta gustuko ditugun zazpi bertsio eskainiko ditugu.
I.A.: Zuzenean entzuteko ezohikoak diren bertsioak aukeratu ditugu. The Clash taldearen Straight to hell joko dugu, adibidez, eta baita Red Alert taldeak Beatles-en Here comes the sun kantari egindako bertsioaren moldaketa ere, edo Vanilla Muffins-en bertsioren bat...
Aipatu dituzuen horiek 80ko eta 90eko hamarkadetako taldeak dira. Zuen kantetan ere nabaria da eragin hori?
I.A.: Bai, baina egin dugun azken kantak, esaterako, ez dauka punk rock klasikoaren ikutu hori.
A.M.: Atera genituen lehenengo lau kantak nahiko soilak direla esan daiteke. Azken lau kantak gehiago landu ditugu, eta estilo desberdinak jorratuz, gainera. Gehiago esploratzen hasi gara, eta ildo horretatik jarraituko dugula esango nuke.
Ez duzue mugarik jarri gura.
A.M.: Ez, entzun ere punkaren eta rockaren inguruan dagoen aniztasun guztia entzuten dugulako. Horrek badu eragina gure musikan, eta uste dut gero eta gehiago igarriko dela.
I.U.: Gure kantak ingelesez izateak ere badu lotura horregaz: taldea sortu den gure bizitzako uneari lotuta dago; New Yorkeko bisita horiei.
A.M.: Edozelan ere, The Wilsons flow-ari jarraitzen dion taldea da, gauzen joera naturalari jarraitzen diona, eta ez dugu alboratzen etorkizunean euskarazko kantak idaztea ere.
Zeri buruz diharduzue kantetan?
A.M.: Remember times kantan institutu garaian elkar ezagutu genuenekoa eta handik hainbat urtera elkartu garenekoa kontatzen dugu. Hasierako kantarik gehienak dira horrelako sentipenei buruzkoak: elkar zenbat maite dugun adierazten dugu letretan. Berrienak politikoagoak dira: errefuxiatuei buruz dihardugu Break down the walls kantan, ilusioa berreskuratzeari buruz Hopeless cowboy-n, eta AEBetako kartzeletako egoerari, arrazakeriari eta poliziaren bortizkeriari buruz beste bi kantetan.
Denbora gehiago hartu eta Euskal Herrian zehar bira luzeago bat egiterik ez zenukete gura?
A.M.: Bai, baina nik oraindik ez dakit noiz bueltatuko naizen. Edozelan ere, The Wilsons-en ametsik handiena AEBetan jotzea da. Proiektua han hasi zen, eta zaila dela jakin arren, gurako genuke bira txiki bat egitea han. Bestalde, udarako lau kanta berriekin diskoa kaleratzea gurako genuke.