Asteburuaren atarian, milaka lagun batuko dira San Blasetan

Anboto 2017ko ots. 3a, 09:00
Nekazaritza ekologikoari buruzko standa ipini du ENEEK elkarteak, lehenengoz.

Zelaieta auzoko txokoak baserrietako produktuz eta jai-giroz bete ditu, gaur goizean goizetik, San Blas azokak. 250 abelburu, baserriko produktuen 94 saltoki, 26 artisau erakusmahai, baserriko makinen 23 saltoki eta landare-haztegien dozena bat postu izan dituzte bisitariek eguerdira arte zabalik.

Trinketearen ostean atondu dituzte abelburuen karpak, eta trinketearen aurrean baserriko produktuen 94 saltokiak. Abelburuei dagokienez, iaz berreskuratu zuten lehiaketa burutu dute aurten ere: 300na euroko saria eta garaikurra jaso dute azokako sortarik onenak, herriko bigantxarik onenak eta herriko zezenik onenak. Abadiñoko lau abeltzainek hazitakoak izan dira azokara eramandako abelburuetako batzuk.

Nekazaritza azokan, ohi bezala, baserriko askotariko produktuak izan dira eskuragai, eta aurten, lehenengoz, nekazaritza ekologikoari buruzko standa ipini du ENEEK elkarteak.

Txanbolin taldeko txistularien kalejiragaz hasi da gaurko egitaraua, 09:00etan, eta urtero bezala, Ferialekuan Durangaldeko bertsolarien jarduna ere izan da entzungai. San Blas eguna amaitzeko, idi probak eta kontzertuak izango dira, gaur gauean, aukeran. Bihar, San Blas Txiki eguna ospatuko dute, eta etzi ere jai-giroa nabaria izango da Zelaietan.

Jose Luis Navarro alkateak, Iñaki Rekalde zinegotziak eta Iratxe Uriarte BBKren gizarte ekintza arloko ordezkariak eman zituzten martitzenean azokaren inguruko datu eta azalpenak, eta San Blas azokak  eta bestelako azokek ere baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena errazten dutela azpimarratu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!