Nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza produktuak salduko dituzte bertan. Egunean zehar, bertaratzen diren lagunek jan-edana ere izango dute txosnetan, eta baita bestelako produktuak erosteko aukera ere.
San Blas eguneko azokan ganadua, baserri-tresneria, burdineria, ortuariak, frutak, gazta, txakolina, etxeko ogia, eztia, artisautza eta landareak ipiniko dituzte salgai, urtero lez. Lehen sektorearen erreferentea da Abadiñon urtero otsailaren 3an egiten den azoka. Euskal Herriko abeltzaintza eta nekazaritza azoka handienetarikoa da, eta produkturik onenak eramaten dituzte nekazari, abeltzain eta artisauek.
Aurten era askotariko 170 bat saltoki jarriko dituzte Udalaren eta BBKren artean, Zelaietan zehar banatuta.
Alde batetik, Abadiñoko Udalak baserri-tresneriaren 23 postu jarriko ditu. Hauek Iturritxo, Aita Aureliano Letona eta Gaztañodi kaleetan kokatuko dituzte. Landare haztegien dozena bat erakusmahai ere izango dira aurten Abadiñoko kaleetan zehar banaturik.
Ohikoa denez, eta tradizioari jarraituz, San Blasetako kordelak eta erroskillak salduko dituzte hainbat postutan. Erroskilla saltzaileek 20 postu izango dituzte. Bisitarien gosea asetzeko, taloak ere salgai egongo diren zazpi txosna jarriko dituzte. Hauek Ferialeku plazan egongo dira.
Arbaso artisauen elkarteak bere gunea izango duen arren, udaletik bertako artisauen lau postu jarriko ditu. Uhalgileen bi postuk, burdindegiko saltzaileen lauk eta egurrezko tresneria saltzen duten bi postuk osatzen dute aurtengo azoka.
Horrez gain, BBK-k jartzen dituen postuak trinkete aurreko aparkalekuan kokatuko dituzte. Bertan, besteak beste, fruta eta ortuariak, ogia eta euskal pastela, gazta, sagardoa eta txakolina, eta arrain kontserbak, arrautzak, jogurtak, eztia eta txorizoa salduko dituzte.
XXV. abelburu erakusketa
Bestalde, azokagaz batera, abelburu erakusketa egingo dute trinketearen atzeko gunean. Erakusketa hau jartzen duten hogeita bosgarren aldia izango da aurtengoa. Lagun asko erakartzen ditu urtero abelburu erakusketak. Horrez gain, Txanbolin taldeko txistularien kalejirak giroa alaituko du, 09:00etan hasita.
San Blasetako jai egitaraua
Jai egitarau oparoa prestatu dute Udaletik, bai San Blas egunerako, bai asteburu osorako.
Barikuan, 11:00etan, meza nagusia egingo dute Sant Trokaz elizan. Eguerdian, bertso saioa izango da Ferialeku plazan. Txaber Altube, Aitor Bizkarra eta Garikoitz Sarriugarte arituko dira bertsotan. 12:30ean, herri kirolak izango dira protagonista probalekuan. Bestalde, Lotxo taldearen erromeriak Ferialeku plaza alaituko du, 17:00etan hasita. Zapatuan, Abadiñoko Done Zezili abesbatzak Santa Ageda koplak abestuko ditu, 13:00etan, kalerik kale. Txanporta kultur etxean Sormening tailerra egingo dute umeentzat, arratsaldean. Domekan, trikipoteoa eta umeentzako Den dena niretzat antzerkia egingo dute.
Horrez gain, trinketean, San Blasetako pilota txapelketa jokatuko dute asteburuan zehar.