San Blas jaiak

‘Mendia eta Abentura’ ardatz duten film laburren emanaldia egingo dute Elkartasun Lonjan

Aimar Esteban 2017ko ots. 1a, 10:00

Otsailaren 5ean, 19:00etan, egingo dute saioa Gaztetxeak, Elkartasun Lonjak eta Txosnaguneak prestatutako egitarauaren barruan

San Blas jaietarako, Abadiñoko Gaztetxeak, Elkartasun Lonjak eta Txosna Batzordeak hainbat ekintza prestatu dituzte elkarlanean egitarau alternatibo gisa. Nobedadeen artean, aurten, Mendia eta Abentura deituriko film laburren emanaldia egingo dute Elkartasun Lonjan.

Saioa otsailaren 5ean izango da, domekan, eta Alluitz Mendi Taldearen eskutik aurrera eramango duten ekintza izango da. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta bertan mendia eta abentura abiapuntu dituzten film laburrak ikusteko aukera egongo da. San Blas egitarauaren barruan lehen aldiz egingo dute proposamen ezberdin hau.

Alluitz Mendi taldetik antolatutako ekimen honetan, mendiaren eta abenturazko kirolaren gaiari buruz gure inguruan dagoen materialaz baliatuko dira. Euskal Herrian oso ezagunak dira mendia eta ikus-entzunezkoak nahasten dituzten jaialdiak, eta modalitate honetan lan egiten duten lagun asko daude.

Guztira, lau film labur eskainiko dituzte. Durangon sortutako Bideografik ekoiztetxe  txikiaren eskutik Imaginador bideolana aurkeztuko dute. Xabier Zabalak zuzendutako ikus-entzunezkoak Santi Yanez argazkilariaren lanari jarraitzen dio. Atxondoko Urresti anaien Piztu film laburra ere ikusi ahal izango da emanaldi honetan. Proiektu honek 2015ean Mendi Film festibalean lehen saria irabazi zuen, Mendi Short sailean. 2016an, sari hau Erantzun zuzena film laburrak irabazi zuen, eta Abadiñon ere ikusteko aukera izango da, domekan. Azkenik, Mikel Sarasola muturreko kayaklariaren Ur guztien gainetik film laburraren emanaldia egingo dute. Tolosako Udalaren Film Laburrak lehiaketaren irabazlea izan zen 2014an. Mendiaren eta abenturaren mundua ezagutzeko aukera paregabea eskainiko dute.

Egitarau alternatiboa
Bestalde, Gaztetxeak, Txosnaguneak eta Elkartasun Lonjak era askotako ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dute. Antolatu duten programaren barruan, Djak izango dira protagonista San Blas egun osoan zehar. Elkartasun Lonjan DJ Alus eta DJ Bull izango dira. Txosnaguneko karpan, DJ Kool thing arituko da giroa alaitzen egun handian.

Biharamunean, Calling the riot, Tears and Beers, Paulie and The wood strings eta Ayatollah-ren kontzertuak egongo dira gaztetxean, ACAB R&R Fest-en bigarren edizioan. Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta gauera arte iraungo du. Elkartasun Lonjan umeentzako disko festa egongo da arratsaldean, eta gauean DJ Alus egongo da jaia alaitzen. Txosnaguneari dagokionez, parrillada bat egingo dute 21:00etan, eta ondoren, Priscila Band, The Wilsons eta Potato igoko dira karpako oholtza gainera beraien emanaldiak eskaintzera.

Jaietako azken egunean, otsailaren 5ean, Elkartasun bazkaria egingo dute lonjan. 14:30ean jarri dute hitzordua. Bazkari honetarako txartelak Abarketeruenean, jubilatuen tabernan eta Tipi Tapak-en daude salgai. Bazkalostea alaitzeko, ekimen ezberdin bat prestatu dute. Jolasa eta musika nahastuko dituzte, bingo musikal bat prestatuz. Egitarau hau Mendi eta Abentura film laburren emanaldiarekin bukatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!