Dena prest barikuko San Blas egunerako

Itsaso Esteban 2017ko urt. 31a, 13:34

Barikuan Zelaieta auzoko txokoak baserrietako produktuz eta jai giroz beteko dituen San Blas azoka aurkeztu dute, Abadiñoko udaletxean, gaur. Jose Luis Navarro alkateak, Iñaki Rekalde zinegotziak eta Iratxe Uriarte BBKren gizarte ekintza arloko ordezkariak eman dituzte aurtengo azokarren inguruko azalpenak.

250 abelburu, baserriko produktuen 94 saltoki, 26 artisau erakusmahai, baserriko makinen 23 saltoki eta landare-haztegien dozena bat postuk osatuko dute 2017ko San Blas azoka. Kopuru horietan, "eta jeneroaren kalitateagatik, Euskadin parerik ez daukan azoka" dela Abadiñokoa azpimarratu du Navarro alkateak, gaurko aurkezpenean.

Trinkete inguruan atonduko dituzte abelburuen karpak eta inguru horretan izango dira, baita, baserriko produktuen 94 saltokiak. Abelburuei dagokienez, iaz berreskuratu zuten lehiaketa burutuko dute aurten ere: 300 euroko saria eta garaikurra jasoko dute azokako lote onenak, herriko bigantxa onenak eta herriko zezen onenak. Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, 250 abelburu horien artean, Abadiñoko 4 abeltzainek eramandakoak ere izango dira.

Nekazaritza azokan, ohi bezala, askotariko produktuak izango dira eskuragai: ortuariak, fruta, ogia, gazta, sagardoa, kontserbak, arraultzak, jogurta, eztia, etab. Aurten lehenengoz, gainera, nekazaritza ekologikoari buruzko erakusmahaia ipiniko du ENEEK elkarteak.

San Blas azoka bezalako hitzorduek errazten duten baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzenaren garrantzia azpimarratu du Iratxe Uriarte BBKren ordezkariak Abadiñoko udaletxeko agerraldian. Iñaki Rekalde zinegotziak, bestalde, San Blasetako idi probak hartu ditu ahotan. "San Blasen parte  garrantzitsua dira idi probak", adierazi du. Otsailaren 3tik 13ra arte probalekuan egingo dituzten saioetan erabakiko da San Blas saria nori dagokion.

"Jende guztia izango da ondo etorria barikuan", azpimarratu du Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak. Azkenik, barikuan Abadiñora bertaratzeko garraio publikoa erabiltzeko eskatu die udalak bisitariei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!