Abadiño auzorik auzo ezagutzeko ibilaldia antolatu dute Hamabi Harri elkartetik

Anboto 2017ko urt. 26a, 10:54

Aurreko edizio bateko famili argazkia

San Blas atarian, urtero lez, Gerediaga auzoko Hamabi Harri elkarteko kideek Auzorik Auzo ekimena prestatu dute domeka honetarako. Ibilaldi honen hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta Abadiñoko hainbat auzo zeharkatuko dituzte ibilaldian parte hartuko duten parte-hartzaileek.

8:30ean jarri dute izena emateko hitzordua, Gerediagako zelaian. Bertatik abiatuko dira, 9:00etan. Irten baino lehen, ohi bezala, familia argazkia aterako dute bertan bildutako lagunekin.

Ibilbide zehatza bezperan finkatuko duten arren, badute jada ibilbide bat aurreikusita. Gerediagako baselizatik irten eta Traña, Astola, Zalloiz, Gaztelua (Ur gordailua, autobus geltokia), Muntsaratz, Irazola (bide zaharretik; bertan salda banatuko dute), San Migel, Sagasta eta Olondoraino, ibilbide bera izango da denentzat. Hortik aurrera, gura duenak zuzenean Zelaietara jo dezake, ibilbidea laburtuz. Ibilbide luzeak Larringan, Untzilla, Eguzkitza, Arta eta Kanteraerreketa zeharkatuko ditu Txanporta plazara heldu aurretik. Lehenengo bideak 16 kilometro izango ditu, eta bigarrenak, 21. Txanporta Plazan 13:15erako egotea espero dute.

Animazioa ibilbidean
Jai-giroan egiten den martxa bat izanik, trikitixak giroa alaituko du, bai Zelaietan ibilbidearen amaieran, bai Santa Luzian, ibilbidean zehar. Ibilbidean fruta banatuko dutela adierazi dute Hamabi Harri elkartetik. Amaieran luntx txiki bat egingo dute, eta izena eman dutenen artean bertako produktuen zozketa egingo dute. Gazta, sanblasak eta eztia zozkatuko dituzte, besteak beste.

Eguraldiari begira
Auzorik Auzo ibilaldiko parte-hartzea eguraldiaren araberakoa izaten da urtero-urtero, eta horren ondorio izango da jende asko edo gutxiago animatzea. Iaz eguraldi ona egin zuen, eta laurehun bat lagun biltzea lortu zuten antolatzaileek. Aurten ere, aste osoan zehar adi-adi jarraituko diete eguraldi iragarpenei.  
Basorako jantzi eta oinetako aproposak eramatea gomendatzen diete parte-hartzaileei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!