San Anton eguneko bedeinkapenak, Urkiolan

Anboto 2017ko urt. 17a, 15:55

Hotzak ez ditu kikildu ohiturak agintzen duen bezala San Anton eguna Urkiolan ospatu gura izan duten Durangaldeko eta inguruetako herritarrak. 12:00etan eta 13:00etan meza entzun dute, eta animalien zaindariaren eguneko bedeinkapenak jaso dituzte.

 

Mezan, eliztarrek eramandako ogien eta ortuarien bedeinkapena egin dute, eta Santutegiaren atarian, berriz, hainbat herritar eta beraien txakurrak zain izan ditu abadeak, urteroko bedeinkapena jasotzeko.

Gaur Urkiolara gerturatzerik izan ez dutenek, domekan ere izango dute aukerarik. Gaur bezala, urtarrilaren 22an ere, 12:00etan eta 13:00etan meza izango da, eta egun osoan zehar trikitilariak ibiliko dira Urkiolako giroa berotzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!