Herriko merkatariak batzarrera deitu ditu udalak

Anboto 2017ko urt. 16a, 16:56

Datorren astelehenean (urtarrilaren 23an), 20:15ean, udaletxean egingo duten batzarrean parte hartzera gonbidatu ditu udal gobernu taldeak.

Batzar horretan, herriko merkataritza bultzatu asmoz udalak 2016an martxan ipini zituen ekimenen balorazioa egitea gura du gobernu taldeak, eta baita, 2017ra begira onarturiko udal aurrekontuan helburu horretara bideratutako diru-atalaren eta proiektuen berri ematea ere.

Gobernu taldeak komunikabideetara bidali duen oharrean nabarmentzen denez, merkatarien beharrizanak eta erronkak beraien ahotik ezagutu gura dituzte gobernu taldeko zinegotziek. "Batzar honegaz jarraipena ematen diogu legealdi honen hasieran udaleko merkataritza arloa sortuz eta Abadiñoko Merkatari Elkartea bultzatuz zabaldu genuen bideari", dio Iñaki Rekalde zinegotziak ohar horretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!