Udal kontseiluak martxan jartzeko eskatu dio EH Bilduk gobernu taldeari

Anboto 2017ko urt. 11a, 12:10

Komunikabideetara bidali duen oharrean azaldu duenez, udal kontseiluak martxan jartzeko eskari formala aurkeztu du, EH Bilduk, udalean. Kontseilu horiek herritarren parte hartzerako tresna garrantzitsuak direla deritzo koalizioak, eta azaldu dutenez, eskaria hainbat osoko bilkuratan egin eta erantzunik ez dutelako jaso erabaki dute eskari formala aurkeztea.

Atzo aurkeztu zuen EH Bilduk eskaria udaletxean, batzarrerako hiru puntuko gai ordena proposatuz. Honakoak dira EH Bilduk kontseiluetan parte hartzen duten herritarrekin jorratu gura dituen gaiak: kirol eta kultur taldeen diru languntzak, udalaren kirol eta kultur eraikinen araudiak eta kide berrien izendapena.

EH Bilduk kritikatu du duela bost urte martxan jarri zirenetik, gobernu taldeak birritan baino ez dituela deitu kontseiluok —nahiz eta 2012an onarturiko kontseiluen arautegian urtean gutxienez lautan bildu beharra dagoela zehazten den.

"Ez dugu ulertzen gobernu taldeak zelan uzten dituen mota honetako tresnak herdoiltzen eta baliogabetzen", adierazi du EH Bilduk, "are gutxiago, aspaldi honetan dauden arazoekin: araudirik ez delako landu Traña-Matienako erabilera anitzeko guneko rokodromoa ez dagoenean erabilgarri, edo herriko hainbat elkarte diru laguntzak atzerapenez jasotzen ari direnean", dio EH Bilduk. Elkarteek beraien esparruko gaietan lan egiteko foro iraunkor bezala, kontseiluak tresna baliagarriak direla uste du EH BIlduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!