EH Bildu kritiko, eskualdeko OHZ altuenagaz

Itsaso Esteban 2016ko abe. 26a, 12:00

Abadiñoko Udalak eskualdeko OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga) altuena duela kritikatu du EH Bilduk. Datorren urtean zerga horri dagokion zenbatekoan “herritar askok igoera galanta” izango dutela azaldu du EH Bilduk.

Zerga hori ordaintzeko zailtasunak dauzkaten abadiñarrei laguntzeko, udalak diru atal bat bideratu dezala eskatu du EH Bilduk, eta nabarmendu du azaroaren 30ean udal gobernuko Abadiñoko Independienteek eta EAJk onartu zuten aurrekontuak ez duela ezelako laguntzarik aurreikusten.

EH Bilduk zabalduriko datuen arabera, orain arte baino %35,3 gehiago bilduko du udalak OHZren bidez (2.075.772 euro). Udalak Bizkaiko Aldundiko Udalkutxatik jasotzea aurreikusten zuen diru-kopuruaren bestekoa da udalak Ondasun Higiezinen Zergatik biltzea espero duena, EH Bilduk dioenez. Jaitsiera hori “zerga bidez konpentsatzea” ez da bidezkoa koalizioaren ustez. “Gobernu taldea egoera berrira egokitu beharko litzateke, ez herritarrak gehiago ito”, diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!