Epaitegietara helarazi du Kaleartean plataformak galdeketa eskaria

Itsaso Esteban 2016ko abe. 19a, 11:16

Bertan merkataritza-gune berriak zabaldu ahal izateko, Murueta auzoko lursail baten izendapena aldatzeko tramiteak burutzen dabil udala. Tramite horiekin jarraitu aurretik, gaiaren inguruko herri galdeketa egitea eskatuz, errekurtsoa aurkeztu du Kaleartean plataformak Abadiñoko Udalean.

Uda aurretik hainbat astez eztabaidagai izan eta gero, Muruetako lursailaren birkalifikazioaren gaia udalbatzaren mahai gainean egon da berriro, azaroaren 28an. Kaleartean plataformak helegitea epez kanpo aurkeztu zuela argudiatuta, errekurtsoa ez berraztertzea erabaki zuten AIk eta EAJk, gehiengoz. EH Bilduk eskaria aintzat hartzearen alde bozkatu zuen, Urrutia bozeroaleak azaldu zuenez, “plataformak eskatzen duenagaz ados gaudelako”.

Bide judizialetik
Udal gobernuak proposatzen duen birkalifikazioari buruz herri galdeketa bat egiteko eskaera epaitegietan ere badago, Kaleartean plataformak, udan, helegitea aurkeztu zuenetik.

Kaleartean plataformako kideen ustez, udaberrian galdeketa eskatuz bildu zituzten mila sinadurak Abadiñoko erroldaren %10 baino gehiago direnez, udala behartuta dago, legez, galdeketa bideratzera. “Gure eskubideak bermatzeko gelditzen zaigun bide bakarra da epaitegietakoa”, dio Unzalu Salterain plataformako kideak.

EH Bilduk garrantzitsu deritzo epaitegietako bideari. “Euskal Herrian ez dago gai honi loturiko jurisprudentziarik, eta oso inportantea litzateke”, Urrutiaren berbetan, “parte-hartzeari dagokionez, guk defendatzen dugun eredua gailentzea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!