Milikua: “Lurraldea ulertu eta horren baliabideak erabiltzetik datoz etorkizunerako aukerak”

Aitziber Basauri 2016ko abe. 18a, 10:10
Leire Milikua (Arkitektoa eta Unibertsitate Espezializatua Agroekologian)

‘Landa eremua EAEn: Egungo argazkia eta etorkizuneko aukerak’ aurkeztu du Durangoko Azokan gazte abadiñarrak. Orain, erabilgarria den zenbat lur dagoen, hor zer produzitu daitekeen eta sortu daitezkeen lanpostuak aztertzen ari da Anbientalia 21 ingurumen aholkularitzagaz elkarlanean.

Zein da gaur egungo landa eremuaren argazkia EAEn?
Askotan, eskutik doazen ezaugarri bi nabarmendu daitezke: landa eremu azpierabilia da, eta hiri-nukleoen eragin zuzena du. Hartara, hiriguneen presioak itota daude batzuk; amortizatuta daude, eta ez dira eskuragarriak, batez ere espekulazioaren eraginez. Deskonektatuta geratzen diren landa eremuak ere badaude; urrun, isolatuta geratzen direnak. Egia da oso gutxi direla, komunikazio bideak oso garatuta daudelako: biztanleria galtzen doazen herri txikiak dira, lurrak lantzeari utzi diote, eta ez dira erakargarriak hiri inguruetako jendearentzat. Gaur egun oso zaila da hiria eta landa bereiztea.

Hiriguneen eraginagatik?
Bai. Landa eremu oso gutxi daude tamainako herrigune batetik kotxean 20 minutu baino gehiagora daudenak. Aurretik, landatik hirirako exodoa eman zen. Hiriak betetzen joan dira, bizi-kalitatea igo da, eta, orain, kontrako mugimendua bizi dugu. Landa gunea baloratzen dugu bizitoki lez, eta hori espekulazioaren arrazoietariko bat ere bada. Estatistikoki diote landa eremua berpizten ari dela, baina gezurra da, herritarrek hiriko bizitza daramatelako. Lo egiten dute landa gunean. Esan behar da, lurraldean ez ezik bizi ereduan ere eragin duela hiriak. Hiriko hamar urteko umearen bizi ikuspegia eta herri txiki bateko umearena ez dira hain desberdinak. Egun ez da existitzen orain 50 urte zegoen hiri eta landaren arteko muga.

Desberdina da Durangaldean?
Joera berdina da. Hala ere, badago desberdintasunik. Itxura batean, oso ondo dago landa eremua, ez da utzikeria hori ikusten. Baina, apur bat hazkatuz gero, erraz ikusi daiteke azpierabilitako eremua dela. Ortuak, landak, basoak... zeuden lehen. Orain, hainbat baserrik pinua dute etxe kontraraino —60ko hamarkadan lanaldi partzialeko nekazaritza hedatu zen—. Azpierabileraren beste sintoma bat da hori, lurrok beste bokazio bat dutelako; gainera, pinuak ez du garai bateko etekinik ematen. Dena den, badago ilusioa egiten duen beste ezaugarri bat: nekazari berriek hasi dute jarduera, gehienak ekologikoan.

Horrek argazkia alda dezake?
Dinamika positiboa da. Durangaldean altxor txiki bat dugu: kontzientzia hori duen belaunaldi berria, lurraldearekiko berkonekzioa garatzen ari dena. Tamalez, horrek ez du esan gura azpierabilitako lurren buelta dakarrenik, normalean esku pribatuetan daudelako. Arazo nagusietako bat da lurraren eskuragarritasuna. Higiezinen espekulazioak sinistarazi digu badugula ez dugun zerbait. Hori desmuntatzea oso gogorra da, eta ulertzekoa da. Horregatik nekazaritzan jardutea erabaki duten gazte gehienak familiako baserri batean hasten dira.

Urteetako pentsakera hankaz gora jartzea esan gura du?
Lurragaz lotutako garapena eman da mendeetan. Baina industrializazioagaz lurrarekiko deskonekzioa eman da. Horrek emandako mundu ikuskeratik lurrarekiko konekziora bueltatzea gogorra da. Ez luke esangura dena hankaz gora jarri behar. Berez, logika eztabaidaezina da eta.

Zeintzuk dira etorkizunerako aukerak?
Berriz ere gauden lurraldea ulertu eta horren baliabide edo ondasunak erabiltzetik, praktikan jartzetik, datoz etorkizunerako aukerak. Horixe dio logikak. Bihar Europako mugak itxiz gero, gosez hilko ginateke. Horixe da gerretatik ateratako ikasgairik handienetariko bat: elikadura ziurtatzea, eta Europako herrialde eta hiri moderno askotan egin dute: Genevan, II. Mundu Gerraren ostetik, horixe dute oinarrietako bat, bertako biztanleria bertako produktuekin elikatzea.

Elikadura burujabetzaz ari zara liburuan. Zertan datza?
Eremu publikoek lurralde antolamenduari begiratzeko modu bat da elikadura burujabetza, marko integral bat. Ondasun publikoen subiranotasuna, energia, tokiko elikadura sistemak, emakumeen autonomia, jakintza askea eta gestio kolektiboa batzen dituen aterkia da.

Liburuan muturreko bi egoera azaldu dituzu. Desagrarizazioa bat. Zer esan gura du horrek?
Nekazaritza-ekoizpenaren jaitsiera, eta, ondorioz, lanpostuena izango litzateke desagrarizazioa, kanpoarekiko menpekotasuna sortzen duena. Gainera, ingurumenak existitze hutsagatik emandako onurak ere hartu behar dira aintzat: ingurumen zerbitzuak —adibidez, baso batean: paisaia, karbonoa finkatzea, biodibertsitatea mantentzea...—. Lurraldean oinarritutako kudeaketa aldatuz gero, ondorioak bestelakoak lirateke. Hain gure kontsideratzen ditugun larre berdeak, baliteke sasitzak izatea behirik edo ardirik ez badago larretzeko. Coste de la no agricultura en el Pais Vasco liburuko datu batzuk jaso ditut: abeltzaintza %100ean eta nekazaritza%75ean desagertzeak, urtean, 436,9 milioi euroko kostua ekarriko luke. Lanpostuak %80 dira, baina beste %20a per se kontsideratzen ditugun ingurumen zerbitzuak dira. Beste muturra litzateke elikadura burujabetza hautu politiko lez. Tarteko bideak asko dira, baina norabide hori hartu beharko genuke.

Agroekologia, kontsumo taldeak, ortu sozialak... gero eta zabalduago daude.
Oso baikorra naiz tokiko ekimenekin, badago kontzientziazio maila bat, eta kontsumoa da ekintza politikorik zuzenena. Hala ere, beldur naiz kapitalak ez ote dituen kapitalizatuko eta edukiz hustuko oso indartsuak diren kontzeptuok. Adibidez, CocaColak landa eremuetako emakumeak ahalduntzeko bira bat egingo du.

Zer da agroekologia?
Elikadura burujabetzarako tresna. Agrosistemen iraunkortasuna du helburu, baina arlo sozio-ekonomikoa —lurralde baliabideen erabilera— eta arlo sozio-politikoa ­—ezkoizpen balditzak, botere harremanak­— ere aintzat hartuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!