Baserri auzoetako bide nagusietan seinaleak ipiniko dituzte

Anboto 2016ko abe. 15a, 17:17

Auzoetako ibilbideak eta monumentuak seinaleztatuko dituela eman du Abadiñoko Udalak jakitera. Bisitariei zein abadiñarrei "herriko baserri auzoak ezagutzea eta bertako edertasuna gozatzea erraztea" da, gobernu taldeak komunikabideetara bidali duen oharrean azaltzen denez, lanen helburua.

Ohar horretan azaltzen denez, bi fasetan ipiniko dituzte seinaleak. Lehenengo fasea datorren urtean burutzeko asmoa du udalak, eta horregatik, 12.500 euroko partida bat dago 2017ko aurrekontuan lan horiek burutzera bideratuta. Iñaki Rekalde Landa Garapen, Merkataritza eta Turismo arloko zinegotziak azpimarratu duenez, "baserri auzoetan daude Abadiñoko txoko atseginenetako batzuk, eta baita aukera zoragarriak ere txangoak eta aisialdiko beste hainbat ekintza osasuntsu egiteko".

Bestelako egitasmoak

Baserri auzoetan hobekuntzak egiteko beste hainbat egitasmo ditu Abadiñoko Udalak 2017rako: bide bazterrak garbitzera bideratuko dituzte 14.100 euro, eta 13.000 gutxi argiztatutako baserri inguruetan argitaria hobetzera. Bestalde, iaz martxan ipini zuten auzotaxi zerbitzuak indarrean jarraituko du datorren urtean ere, eta gobernu taldeak azaldu duenez, udalak diru-laguntzak eskainiko ditu baserrietako putzu beltzen garbiketa errazteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!