“Espainiako Estatuarena mendekuan eta txantaian oinarritutako kartzela politika da”

Anboto 2016ko abe. 11a, 13:46

Kataluniako CUP alderdiko diputatu eta bozeramaile ohi David Fernandezek Abadiñon eman ditu egun batzuk.

Sarritan egon da Euskal Herrian, baina azken aldian nahi baino gutxiagotan etorri ahal izan du, onartu duenez. Aisialdia elkartasun keinuekin lotzeko denbora hartu du. Atzo Abadiñoko Elkartasun Eguneko kalejiran parte hartu zuen. Durangoko Azoka bisitatzeko asmoa ere bazuen, baina…


Durangoko Azoka bisitatzeko aukerarik izan duzu?

Ez, kalkuluetan akats bat izan dut (barreak). Ostegunean etorri nintzen eta Durangoko Azokako egunetan nentorrela konbentzituta nengoen, baina ez. Dena dela Azokan hainbat bider egon naiz bisitari zein parte-hartzaile. Barrutik bizitzea ere oso polita da.


Zer iruditzen zaizu Durangoko Azokak azken urteetan hartu duen bidea? Euskarazko adierazpide artistiko anitzen topagune eta sustatzaile bihurtzeko pausu sendoak eman ditu.

Euskal kulturaren plataforma bat da. Begira, Katalunian azken urteetan gertatu den garapenik garrantzitsuena ez da kanpotik ikusten dena. Bai, manifestazio jendetsuak eta abar egon dira, baina komunitate sarea indartzeko lana, pertsonen bata bestearekiko aitorpena… Hori da Kataluniako prozesuaren benetako ekarpena krisiaren eta kapitalismo basatiaren kontextuan. Gizarte-lotura hori atzeraezina da. Honek guztiak badu antzekotasunik Durangoko Azokagaz. Hau da, goitik diskurtso ofizialekin dabiltzan bitartean, egiazko urratsak egoerak benetan aldatu daitezkeen guneetan ematen dira. Durangoko Azoka horren adibidea da.


Abadiñoko Elkartasun Eguneko kalejiran parte hartu zenuen atzo. Presoak euskal herriratzearena geldirik dagoen gaia da.

Bai. Legearen barruan bideratu daitekeen gaia da eta ez da egiten. Jarrera krudela deritzot. Euskal Herria bizitzen ari den ziklo aldaketaren barruan ez da presoen e goeraren gaineko pausu txikienik ere eman. Are gehiago, egoera okerrera joan da. Horrek kartzela politikaren krudeltasuna erakusten du. Estatu Espainiarrarena mendekuan eta txantaian oinarritutako kartzela politika da. Hori gogorra da lehenik eta behin ikuspegi humanitariotik, baina baita ikuspegi juridikotik ere. Horregatik parte hartu dut Elkartasun Eguneko kalejiran eta horregatik saiatuko naiz urtarrilean Bilbon egin ohi den manifestaziora etortzen.


Katalunian bide independentistak norabide bat dauka. Ikusiko dugu noraino heltzen den, baina bidean doa. Euskal Herrian, aldiz, ematen du bide hori geldi dagoela. Horrela ikusten duzu zuk ere?

Pena ematen didan arren bai, hori sumatzen dut. Paradoxa arraro bat eman da Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean. Orain 40 urte, Espainiako trantsizio politikoaren markoan, Convergència Democràtica de Catalunya (CDC) erregimenaren oinarria zen. Frankismoa erreformatzeko eredu hura babestu zuen. Euskal Herria, aldiz, beste bide batetik zihoan: ezker abertzalearen oposizioa, EAJk Konstituzioari emandako abstentzioa… 40 urte joan direnean egoera alderantzizkoa da. Txandaka doazen zikloak dira. Katalunia erabakitzeko eskubidearen eta subiranotasun politikoa erabat errekuperatzearen bidean aurrera egiten ari da gehiengo sendo batekin, kanpotik ematen duena baino gehiengo sendoagoarekin, seguruenik. Aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoa kudeatzen dutenek ez dute horri buruz ezer jakin nahi, orain 40 urte diskurtsoak kontrakoak zirenean.


Abadiño, Durango, Elorrion Zornotza eta Euskal Herriko herri askotan herri galdeketak egingo dituzte 2017an Gure Esku dago dinamikak sustatuta. Herritarrengandik irten den dinamika horrek zer ekarpen egin dakioke gaur eguneko euskal gizarteari?

Funtsezko ekarpena. Begira, Katalunian gaur eguneko aktore politikoen aurretik Arenys de Munten independentziari buruz egindako herri galdeketa jarriko nuke. Lehenengoa izan zen. Fiskaltza eta abokatutza gauzatu ez zedin saiatu ziren. Ez zuten herri galdeketa bat nahi eta horren ostean 555 etorri ziren. Aldaketa kalean hasten da. Alderdikerien bizioetatik aparte, herritarrek beti aurrerantz jotzeko bertutea dute. Katalunian herritarrak prozesuaren motorra izan dira, gaur egun prozesu horren sendotasuna dira eta etorkizunean bermea izango dira. Prozesuak aurrera egingo du herritarrak aktibatuta eta inplikatuta dauden bitartean.


2012tik 2015era CUPeko diputatu izan zinen eta komunikabideen aurrean sarritan egotea egokitu zitzaizun. Harrezkero, kazetari eta hainbat hedabidetako kolaboratzaile zabiltza. Zein esparrutan sentitzen zara gusturen?

Erosotasunaren aldetik erantzun behar badut, kameren atzean erosoago egoten da, jakina. Pentsatzeko denbora gehiago duzu eta ez zaude eguneroko bat-batekotasun horren barruan. Prozesu edo bidaia horretan, kameren atzetik aurrera igarota eta ostean bueltako bidea eginda, asko ikasten da bai ogibidearen gainean eta bai politikak duen kaskarkeriaren inguruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!