2017ko inbertsioetarako 749.947 euro jasotzen ditu atzo onartu zuten udal aurrekontuak

Anboto 2016ko aza. 30a, 12:30

9.245.082 euroko aurrekontua onartu du 2017rako Abadiñoko Udalak. Atzo, udal gobernuan dauden Abadiñoko Independienteak taldeak eta EAJk onartu zuten aurrekontu proposamena. Kontrako bozka eman zuen EH Bilduk.

Atzo AI eta EAJ alderdien aldeko bozkekin onarturikoa "udalarentzako onuragarria izango den aurrekontua" dela adierazi zuen Jose Luis Navarrok. "Gauza izan gara udalaren gastu arruntak eta sarrera arruntak parekatzeko, eta hori oso ona da herriarentzat", adierazi zuen alkateak. Jose Luis Navarro alkateak atzoko osoko bilkuran gogora ekarri zuen bezala, 2016an aurreko urteko aurrekontua luzatuta jardun da Abadiñoko Udala: "Ez genuen lortu ohiko gastuak eta diru-sarrerak berdintzea", azaldu zuen Navarrok. Komunikabideetara gaur bidali duen oharrean alkateak dioenez "egoera orokorra motel samarra" den arren, "Abadiñoko Udalaren kontuak osasuntsu daude, eta gauza izango gara zor ditugun guztiak sasoiz ordaintzeko, diruzaintzako operazioetara jo barik".

Bost inbertsio nagusi

Bost dira atzo onarturiko aurrekontu horrek jasotzen dituen inbertsio nagusiak, eta guztira 749.947 euro bideratuko dituzte egitasmo horiek gauzatzera: Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eta Gaztelua auzoko saneamendua berriztea, udaletxean igogailu bat ipintzea, San Trokaz plazako abadetxean udal bulego tekniko berriak atontzea eta nekazal garapena bultzatzeadira aurrekontu horretatik diru-atal handiena hartuko duten inbertsioak.

Gobernu taldeak komunikabideetara bidali duen oharrean azaltzen denez, bi lursailen salmentak ekarriko dio udalari inbertsio horiek burutzeko behar duen diru-sarrera: Traña-Matiena eta Muntsaratzeko bi lursail salduta, 700.000 euroko jasotzea aurreikusten du udalak.

EH Bilduren kritikak

Hain zuzen ere, gobernu taldeak atzo onartu zuen udal aurrekontu horrek islatzen duen etxebizitza politikagaz daukaten desadostasunak bultzatu du, besteak beste, EH Bildu kontra bozkatzera. Horrela azaldu zuen Mikel Urrutia koalizioaren bozeroaleak: "Lurren salmentatik diru-sarrerak lortzea aurrikusteaz haratago, gobernu honek ez dauka etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituztenentzako ezelako proposamenik".

Bestalde, Independienteek eta EAJk koalizioa aurrekontuen lanketatik kanpo utzi dutela ere salatu zuen atzoko udalbatzarrean, EH Bilduk. Proposamena osoko bilkura baino zortzi egun lehenago jaso zutela azaldu zuen Urrutiak, eta horrela "ez dela posible behar bezalako lanketa bat egitea". Bestalde, EH Bilduren ustez "estrategikoak" diren udal batzordeen aurrekontuan %20ra arteko murrizketak egin diren bitartean, "politikariei bideraturiko diru-kopurua hazi" egin dela kritikatu zuen EH Bilduk. "Horregatik, eta arduraz jokatuta, kontra bozkatzea baizik ez zaigu geratzen" adierazi zuen ezker abertzalearen bozeroaleak.
















ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!