Abadiñoko Berdintasun sailak emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunari loturik prestatu duen ekimena izango da. Instalazioa, azaroaren 27an kalean egingo dute eta edozein herritarrek parte hartu dezake. Aurretik, zapatak margotzeko tailerrak egingo dituzte azaroaren 21ean Txanporta kultur etxean, eta azaroaren 23an, Errotan.
Elina Chauvetek 2009an egin zuen lehengo aldiz Zapata gorriak lana Ciudad Juarez hirian gertatutako emakumeen hilketa eta desagerpenak salatzeko. Zapatak emakumearen ikur bezala erabiltzen ditu, kolore gorria, aldiz, heriotza irudikatzen du, baina baita pasioa eta bizitza ere.