Cie Automotive taldeko Elgetako Alfa Deco enpresako lankideak etorri dira Abadiñoko kontzentrazioan parte hartzera, eta enpresaren arduradunek iragarri dizkieten lau kaleratzeak gaitzestera. 12:00etatik 14:00etara lanuztea egin dute Elgetako tailerreko langileek, eta beraien lantokian bizi duten "ziurgabetasuna" gaitzetsi dute. "Taldeko beste enpresetako lankideak ohartarazi" ditu Rafa Prieto Alco Deco enpresako LABen delegatuak. Azaldu du, 25 langile dituen Elgetako "enpresa hiltzen uzten" ari direla Cie Automotive taldearen arduradunak, eta "gurean hasi badira ere, taldeko beste enpresetan ere eragina izango dutela" kaleratzeek.
LAB sindikatuak azpimarratu duenez, "Cie Automotive multinazional handi bat da, enpresa berriak erosten eta bost kontinentetan zehar hedatzen ari dela dioskuna behin eta berriz", eta aurten "123 milioko irabaziak" izan dituena. LABek dio kaleratzeen inguruan "behin eta berriz azalpenak eskatu" dituela zuzendaritzan, baina ez dutela erantzunik jaso, eta horrek "kezka areagotzen duela".