Muntsarazko hauts beltzaren jatorria aztertzen dabiltza Abadiñon

Itsaso Esteban 2016ko aza. 4a, 11:10

Muntsaratz auzoa.

Lehenago ere hainbat aldiz gertatu da Muntsaratz auzoko zorua —plaza, terraza zein errepideak— hauts beltz batek zikinduta agertzea, baina duela bi astekoa “gehiegizkoa” zela iritzita, azterketa bat abiatu du udalak. Airearen kalitatea eta partikula kutsatzaileen jatorria ikertzen dabil Azterlan, udalaren eskariz. Azterketa horren emaitzak ezagututa, udalak “dagozkion neurriak hartuko” dituela azpimarratu du Jose Luis Navarro alkateak.

Joan zen astean burutu zuten urriko osoko bilkuraren galdera eta eskarien tartean mahaigaineratu zuen EH Bilduk gaia, eta, asteon, Mikel Urrutia koalizioaren bozeroaleak adierazi duenez, “ondo deritzogu azterketa egiteari, baina emaitzak jaso bitartean ezin gara ezelako erabakarik hartu barik egon”. Urrutiak “arazoari daukan garrantzia eman eta soluzio bat bilatu” beharra dagoela dio. Gaia ingurumen arloko erakundeei helaraztea eskatzen du Abadiñoko EH Bilduk.

Urrutiaren berbetan, “ez da arazo esporadiko bat”, eta Navarrok ere adierazi du lehenago ere hainbat aldiz agertu dela Muntsaratz belztuta. Aurreko aldi horietan kutsadura auzoan dagoen fundiziotik zetorrela ondorioztatu, eta enpresagaz hainbat neurri adostu zituen udalak, kutsadura ekiditeko helburuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!