Bittor Garaigordobil gotzain ohia omenduko dute 101. urtebetetzean

Anboto 2016ko urr. 22a, 10:00
'Hordago txikira' dokumentala burutu dute Garaigordobilen bizitza eta beste hainbat misiolarirena ardatz hartuta.

Bittor Garaigordobil gotzain ohia 1915eko urriaren 17an jaio zen, Abadiñoko Amaitermin baserrian. Munduko hirugarren gotzainik nagusiena da, gaur egun, 101 urtegaz. Bere urtebetetzea ospatzeko hainbat omenaldi egingo dizkiote asteburuan.

Ekuadorren bizi izandako misiolari honen bizitzari buruzko 100 años de solidaridad y libertad liburua argitaratu zuten iaz, 100 urte bete zituenean, eta Hordago Txikira dokumentala aurkeztuko dute, aurten. Bittor Garaigordobilen bizitzatik abiatuz, dokumentalak Ekuadorren ibilitako euskal misiolarien istorioa kontatzen du. 1948an abiatu ziren lehen zortzi misiolarien artean zegoen Garaigordobil. 34 urtez izan zen misioan behardunei laguntza eskaintzen. 1964ko urtarrilaren 30ean, Ekuadorreko Babahoyo katedralean ordenatu zen gotzain.

Lorea Pérez de Albenizek eta Goiuri Aldekoa-Otalorak Elizbarrutietako Misioak-en enkarguz burutu dute dokumentala. Gaur, Urkiolan egingo dute lehenengo emanaldia, senideentzat. Urriaren 23an, eguerdian Garaigordobilen omenez egingo den eukaristiaren ondoren ere egongo da Hordago Txikira ikusgai. Estreinaldi orokorra Bilboko Bizkaia Aretoan izango da,  azaroaren 16an. Gasteizen eta Donostian ere aurkeztu gura dute dokumentala, eta proiektuan parte hartu duen ETBren bitartez ere ikusi ahal izango da.

Goiuri Aldekoa-Otalora: "Elizari buruzko beste ikuspegi bat daukat dokumentalaren ostean"

Nolakoa da Bittor Garaigordobil? Zein da beragaz daukazun erlazioa?
Pertsona oso ona da, ongia egiten duten horietarikoa. Beti besteengan arduratzen dena eta guztion ona bilatzen duena. Zentzuduna eta oso inteligentea da, ezagutza eta bizipen asko dituen pertsona. Nahiz eta nik nagusi ezagutu dudan, eta nire erlazioa batik bat Urkiolari lotuta dagoen, bera da Urkiola.

Noren ideia izan zen dokumentala grabatzea?
Nik aspaldi neukan buruan berari buruzko erreportajeren bat edo bideo txikiren bat egitea. Elizbarrutietako Misioakeko kideek zerbait egitea gura zuten, eta guk dokumentala egitea planteatu genien. Beraiek izan ziren lana egitea enkargatu eta bultzada eman zigutenak.

Zenbat denbora eman du dokumentala prestatzeak?
Otsailean hasi ginen proiektuagaz, eta Urkiolako aurkezpenerako azken irudiekin gabiltza. Denbora honetan, jende askok parte hartu du dokumentalean. Vatikanotik, Barandiaran Fundaziotik, Loiolatik eta filmotekatik irudiak eskuratu ditugu. Lan asko eduki dugu irudi guztiak lortzen. Dokumental honek duen altxorretariko bat misiolariak Ekuadorrera heldu zireneko irudiak dira, orain arte argitaratu gabekoak. 40ko hamarkadako horrelako irudiak izateak balio handia dauka guretzat.

Pertsonalki, zer ikasi duzu dokumental honegaz?
Batik bat elizari buruzko beste ikuspegi bat. Alde guztietan denetariko jendea dagoela. Elizatik kanpo gaudenok beti izan dugu honi buruzko irudi ezkor bat, eta konturatu naiz badagoela jendea klixe horretatik aldentzen dena. Jende oso jatorra ezagutu dut, oso langilea, eta beharrizana duten pertsonekiko izugarri arduratzen dena. Honen eredu garbia Bittor bera eta beragaz lan egin duen taldea izango litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!