“Herriari erantzungo dion aisialdi proiektua behar zela ikusi dugu, herriko jendeagaz egina”

Anboto 2016ko urr. 8a, 10:00
Egoi Urriz (1993) eta Leire Pagonabarraga (1990)

Herritik eta herriarentzat antolatutako euskarazko aisialdi eskaintza eman guran sortu da Katalamixon aisialdi elkartea, Abadiñon. Herrian bertan aisialdiagaz lotuta lanean aritutako taldea dago atzetik, baina, herri osora zabaldutako egitasmoa izan gura du. Horretarako, herritarren inplikazioa lortu gura dute. Leire Pagonabarraga (1990) eta Egoi Urrizegaz (1993) jarri dugu hitzordua.

Herrian aurkeztu berri duzue Katalamixon aisialdi elkartea. Nola jaiotako proiektua da?
Leire Pagonabarrena: Urte batzuk daramatzagu udalekuetan lanean eta Abadiñoko gazteekin harremanetan. Azken bi urte hauetan, Berbaro elkartearen laguntzagaz, Abadiñoko Gazteak proiektuan ere aritu gara, eta, orain urte batzuk, herrian aisialdia lantzen zuen Txirikilla elkartea ere egon zen. Honen guztiaren aurrean, herriari erantzungo dion herriko aisialdi proiektu bat behar zela ikusi dugu, herriko jendeagaz egina. Horri jarraituz sortu zen Katalamixon. Gure artean ondo konpontzen ginen, eta elkartea sortu dugu.

Aipatu duzuen moduan, Katalamixonek badauka aurrekari bat: Abadiñoko Gazteak.
Egoi Urriz: Abadiñoko Udalak lehiaketa publikora aurkeztu duen egitasmoa da Abadiñoko Gazteak. Berbaro elkarteak kudeatu izan du, eta euren laguntzagaz 10-16 urte bitarteko gazteentzako proiektu horretan lanean ibili gara azken urte bietan. Hala ere, Abadiñon herrikoa den aisialdi elkarterik ez dagoela ikusita, Katalamixon sortu dugu, proiektu hori geure kabuz eramateko, Berbaroren laguntzarik barik.

Abadiñoko Gazteak proiektu hori da, orduan, zelanbait esateko, Katalamixonen hazia?
L.P.: Bai. Hala ere, gure asmoa ez da 10-16 urte bitarteko gaztetxoei bakarrik erantzutea. Katalamixonek esan gura du herrira begira zabaldu gura dugula, adin tarte horretara mugatu gabe. Gazteagoak, nagusiagoak, gurasoak batu gura ditugu proiektura; ikas komunitate bat sortu gura da.
E.U.:Abadiñoko Gazteak proiektua adin tarte batera mugatutakoa da, udalak horri erantzuteko proiektua aurkeztu duelako. Katalamixon elkarteak, hori baztertu barik, herri guztira zabaltzea gura du.

Zein da Katalamixonen helburua?
L.P.: Aisialdiari astindu bat ematea da helburua. Umeak ez daitezela aspertu, eta seme-alabek neguan zer egingo duten kezka hori ez dezatela izan gurasoek. Hezitzaile moduan, ezin dugu 0-60 urte arteko eskaintza bideratu, baina, talde txikiak sortuta, egin daiteke zerbait: hezitzaileok gazteei erantzun diezaiekegu, eta 16-18 urte arteko horiek taldea sortzen badute, txikiagoei erantzun diezaiekete. Atzean legokeen guraso talde batek antolaketan parte hartu dezake, eta hezitzaile taldean onartuta, aurrera egin.

Beraz, herri guztia inplikatu gura duzue.
L.P.: Bai. Hori litzateke politena. Izan  ere, talde bakarrera mugatuz gero, inoiz horiek uzten badute, taldea apurtu egingo da. Ez dugu hori gura. Erreleboa egotea gura dugu, jendearen inplikazioa lortu. Zaila da, baina, ea lortzen dugun.

0tik 60 urtera esan duzu. Adin tarte zabalari begirako eskaintza landuko duzue?
L.P.: Bai (barrez), esateko era bat da. Ez dugu adin tarterik zehaztu, eta gurasoak ere inplikatu gura ditugu. Gainera, Katalamixon dugu izena, eta abesti horren nondik-norakoak ere ezagutu gura ditugu. Horretarako, jende nagusiagoagaz egin gura dugu berba. Pentsatu izan dugu baserririk baserri galdetzera joatea ere, elkarrizketak grabatzea, eta horregaz zerbait kaleratzea.

Aspaldiko jolas-kanta da Katalamixon. Nolatan izen hori?
L.P.: Abadiñoko lexikoari buruzko liburuan –Mila Salterainena—topatu genuen umeekin eta aisiagaz zerikusia izatea gura genuen izena. Izen polita iruditu zitzaigun umeekin aritzeko jolas honen izena, goxoa. 

Herritik eta herriarentzat antolatutako euskarazko aisialdi programa landuko duzue. Urte osoko eskaintza izango da?
E.U.: Ekintzak urte osoan zehar egitea da gure ideia. Orain arte egin izan dugunari jarraituko diogu: ahal bada, hilean pare bat ekintza egin gura ditugu. Proiektua garatzen joango gara apurka-apurka.

Hasita zaudete lanean?
L.P.: Abadiñoko Udalak aurkeztutako 10-16 urte arteko gazteentzako proiektuaren deialdira aurkeztu gara, eta erantzunaren zain gaude. Hori ematen badigute, horretan jarriko dugu indarra, bestelako ekintza puntualak ere antolatuko ditugu arren.

Aisialdiagaz lotuta hutsune bat sumatu duzue?
E.U.: Batez ere, gaztetxoei begira. 6-8 urte arteko haurrak errazago entretenitzen dira, baina, nagusitxoagoak zer egin jakin barik egoten dira, batez ere, eguraldi eskasa dagoenean. Asteburuetan ere bai.

L.P.: Hala ere, urte bian aurrerapauso itzela eman da. Egindako aurreneko ekintzan, banaketa itzela ikusi genuen: segituan banatu ziren bi taldetan Zelaieta eta Matiena. Ez zuten elkar ezagutzen, eta uneoro gaztelaniaz zebiltzan. Baina, apurka-apurka, bagoazela uste dut. Nobedadea ere izan zen. Egia da DBHko gazteak erakartzea zaila dela —beraien airera doaz, bakoitzak bere lokala du... —. Bestalde, 16 urtetik gora, zer? Hutsune nabarmena dago hor: ez dira hezitzaile, ez dira ume, ez dira gazte...  

Horiei erantzun gura diezue?
L.P.: Bai. Beraiekin talde bat sortu gura dugu, euren nahiei erantzungo diena; eta ea hauek gaztetxoagoei erantzun diezaieketen. Ia animatzen diren!

E.U.: 16-18 urte arteko taldea sortu eta horri paper aktiboa eman gura diogu: antolakuntzan, ideiak ematerakoan... Hartara, gero, nahiz izanez gero, hezitzaile izan daitezen. Horretara animatu gura ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!