Hiri-antolamenduko plana berritzeko eman dituzten lehenengo pausuak azaldu dituzte

Anboto 2016ko urr. 5a, 11:27

Hogei herritar inguru eta udalaren hainbat ordezkari elkartu ziren, atzo, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren inguruan, Traña-Matienako Errota kultur etxean, burutu zuten berbaldian.

1987tik indarrean dagoen hirigintza araudia, HAPO deritzona, berrizteko prozesua abiatu du Abadiñoko Udalak, eta prozesu horren lehenengo pausuak azaltzeko antolatu zuten martitzeneko aurkezpena. Udal gobernu taldeak azpimarratu duenez, zaharkitua dago gaur egun indarrean dagoen plana, eta herria datozen urteetan hirigintzari dagokionez zelan garatuko den aurreikusteko beharrezkoa da HAPOa berriztea. Luzea izango da prozesua, eta oraindik, aurrerapena deritzon fasearen aurreko pausuan dago prozesua. Hasi baino ez da egin, beraz.

Jose Luis Navarro alkateak aurkeztu zuen atzoko hitzaldia, eta hiri-antolamenduaren berrikuspenaren prozesua gidatuko duten teknikariek eman zituzten, ondoren, azalpenak. Berbaldiaren lehenengo partean HAPOak zertan datzan azaldu zuten teknikariek, eta berau berrizteko dagoen prozedimentuaren inguruan ere jardun ziren.

HAPOaren aurrerapen faserako osatu beharreko dokumentua lantzen hasteko, ingurumen sailera bidali berri duten dokumentazioa ere erakutsi zieten aurkezpenera batu ziren herritarrei. Teknikariek azaldu zutenez, HAPOaren balizko lau eredu bidali dituzte Ingurumen sailera, eta erakunde horrek zirriborro horietako bakoitzaren inguruan ematen duen erantzunaren arabera jardungo dira aurrerantzean. Besteak beste, etxebizitza eta industrigune berrien eraikuntzarako leudeken aukera desberdinak jasotzen dituzte lau aukera horiek. Teknikariek azaldu zutenez, Ingurumen sailaren erantzuna hilabeteren buruan jasotzea espero dute.

Datozen hilabeteetan, Abadiñoren hirigintzari eta ondorioz herriaren etorkizunari loturiko hainbat gai jorratuko dituzte Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berritze prozesuan. Besteak beste, honako galderak erantzungo dituzte: “Nondik hazi daiteke herria, noraino?”, “zelan lortu herriko hiru nukleoak modu orekatuan garatzea eta lotzea?”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!